Zigor politikoen aurrean, desobedientziaren aldeko deia egin dute intsumisoek
Zigor politikoen aurrean, desobedientzia tresna egokia dela nabarmendu zuten atzo mugimendu antimilitaristan aritutako intsumisoek. Xabier Sagardoiren eta Luis Goñiren egoera salatu ondoren, eskubideen urraketaren kontra aritzeko deia luzatu zuten.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Mugimendu antimilitaristan aritutako 60 intsumisok herri harresia indartzeko beharra plazaratu zuten atzo Iruñeko kartzela zaharra zegoen orubean egindako agerraldi batean, eta Xabier Sagardoi eta Luis Goñiren egoera salatu zuten, jarduera politikoagatik sei urteko espetxe zigorra ezarri dietelako.
«Gutariko asko espetxeraturik izan gintuen Iruñeko espetxe zaharreko eremura etorri gara, desobedientzia zibilaren indarra azpimarratzeko asmoz. Azken finean, giza eskubideak murrizten dituzten legeen gainetik kontzientzia askatasuna aldarrikatu nahi dugu, eta berarekin batera jarduera politikoak libreki adierazteko eskubidea», adierazi zuten.
Ildo horretan, elkartasuna adierazi diete jarduera politikoagatik espetxeratzeko arriskua duten pertsona guztiei, eta bereziki Goñi eta Sagardoiri. «Aldi berean, bat egiten dugu haien eskubideak defendatzeko asmoz sortzen ari diren desobedientzia zibil ez-bortitzean oinarritutako ekimenekin. Ekimen horiek, azken batean, gizarte osorako dei zabala eta beharrezkoa ditugu, eskubide galera garai honetan elite politiko eta finantzetako erasoari aurre egiteko», esan zuten.
Igande honetan, 12.00etan, martxa abiatuko da Iruñeko Golem zinemetatik Goñi eta Sagardoiri elkartasuna adierazteko eta desobedientziaren aldeko aldarria egiteko.
«Intsumisioaren kanpainan oso agerian gelditu zen desobedientzia zibilaren erabilerak aukera zabalak eskaintzen dizkiola eraldaketa sozialari. Koherentzian oinarriturik, desobedientzian aritu garenok ez dugu gure ardura ezkutatu nahi izan. Aitzitik, agerian utzi izan dugu gure printzipioen zuzentasuna eta zigorra aplikatu nahi izan dutenen bidegabekeria. Azken batean, errepresioaren gainetik jarri genuen desmilitarizazioaren gaineko gure apustua, eta horrek zerbitzu militarraren bukaera eragin zuen», gaineratu zuten.
Une hauetan jarduera politikoetan aritzeagatik 2oo lagun espetxeratuak izateko arriskuan izatea onartezintzat jo zuten. «Haien pentsaerarekin ados egon ala ez, gizarte osoari eragiten dio errepresio saio honek, guztion eskubide demokratikoak jokoan baitaude», adierazi zuten, disidentzia politikoaren kriminalizazioa lortzeko gero eta eskubidea gehiago urratzen ari direla gogoratu ondoren.
Euskal Herrian gatazka armatuaren bukaerak gizarte mobilizazioa areagotzeko aukera berriak ematen dituela nabarmendu zuten intsumiso izandakoek.
Zigor politikoen aurrean desobedientzia aldarrikatuz eta Luis Goñi eta Xabier Sagardoiri sostengua adieraziz mobilizazioa izango da igande honetan, 12.00etan, Iruñeko Golem zinematik abiatuta.
Mugimendu antimilitaristan aritutakoek intsumisioaren garaian desobedientzia zibilak izan zuen indarra gogorarazi dute, eta une hauetarako ere tresna oso egokia dela nabarmendu dute.