GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Krisia eta aukerak

Horrela, bat-batean gertatu zen. Munduko surf industriaren %80 hornitzen zuen enpresak inongo arrazoirik eman gabe eta ustekabean itxi zituen ateak, 40 urteren ostean. Dilema morala alde batera utzita, enpresa ikuspegi hertsi eta taktiko batetik begiratuta, txinatarren maxima nagusia kontuan hartzekoa da: «Krisia=Aukerak».

Surflari Ernegatua

2005eko abenduaren 5a, astelehena. Kalifornia hegoaldean, Orange konterriko Laguna Niguel komunitatean, 40 urte taulentzako foam edo kortxo basea egiten daraman lantegia dago. Gordon Grubby Clark ingeniari kimikoa da enpresaren nagusia.

Goizean goiz kamioiak kortxo egin berriekin beteta prozesuko bigarren pausoa emango den lantegietara abiatzen dira. Apar zatiak bitan banatu eta egurrezko zurtoin batekin elkartu behar dira, taula egiterakoan zurrunagoa izan dadin. Gero, neurri desberdinetako kortxozko taula zuriak egin eta salmentarako prest dauden taulen biltegian gordeko dituzte, txukun, lan hori egiteko kontratatu dituzten etorkin mexikarrek.

Zirkuitu industrial honen beste aldean, shaper edo taula egileek lantegira deitzen dute beren eskariak egiteko. Eguerdi aldera, Clark Foam lantegiko enplegatu batek telefonoaren beste aldean dagoen bezeroari apur bat itxaroteko esan dio, haren eskaria baieztatzeko kontsulta bat egin behar duela eta.

Minutu gutxiren buruan, langileak berriz ere telefonoa hartu eta bezeroaren eskariari ezezkoa esan behar diola erantzuten du urduri. Eskegi aurretik, eta barkamena eskatu ostean, zera esaten dio ordura arte erosle fidel izan den lagunari: «Oraintxe jakin dut lantokia gaur bertan itxi behar dugula».

Horrela, bat-batean gertatu zen. Munduko surf industriaren %80 hornitzen zuen enpresak inongo arrazoirik eman gabe eta ustekabean itxi zituen bere ateak.

Zazpi orrialdeko ohar batean, hartutako erabakiaren nondik norakoak azaltzen zituen Gordon Clark lantokiko nagusiak. Orange konderriko ingurumen agentzia zein talde ekologisten presioak eta produktu toxikoak erabiltzeagatik ordaindu behar zituen isunak aipatzen zituen itxieraren arrazoi nagusi gisa. Gordonek bazekien erabaki horren ostean sekulako ondorioak jasango zituela; izan ere, kontratua ez betetzeagatik demanda mordo pila bat jasoko zituen. Hala ere, Gordonek bere erantzukizuna aitortu zuen. Hurrengo urteetan abokatuekin epaitegietan atzera eta aurrera ibiliko zela bazekien, eta kartzelan amaitzeko arriskua zuela ere bai, baina hartutako erabakiak ez zuen atzera bueltarik.

Momentu hartan surf industrian izan zen krisia 1929an izan zen krisiarekin alderatu zuen zenbaitek. Bere garaian, krisi finantzarioa «29ko Krak-a» edo «ostegun beltza» bezala bataiatu zen modu berean, surf mundua gidatu eta kutsatzen duten exekutiboek «astelehen zuria» deitu zuten Clark Foam enpresa itxi zen eguna.

Txinatarrek halako egoeretan badakite zer egin behar den, eta egin zuten. «Astelehen zuria» zorioneko albistea izan zen haientzat, eta, ondorioz, egun, surfaren industrian indar garrantzitsua dira. Taula toxikoak egiteak ingurumenean egiten duen kalteak sor dezakeen dilema morala alde batera utzita, enpresa ikuspegi hertsi eta taktiko batetik begiratuta, txinatarren maxima kontuan hartzekoa da: «Krisia=Aukerak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo