GARA > Idatzia > Euskal Herria

Foro Sozialaren gomendioei buruzko EPPKren eztabaidaren emaitza azarorako espero dute

Azaroan plazaratu lezake EPPK-k bake prozesuaren aldeko Foro Sozialaren gomendioei emandako erantzuna, bitartekarien arabera. Kriminalizazioa gorabehera, harremanak lantzen jarraituko dutela argitu zuten Bilbon.

Nerea GOTI | BILBO

Bake prozesuaren aldeko Foro Sozialak egin zituen gomendioei buruz Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) azken hilabeteetan egin duen eztabaidaren emaitza azarorako espero da, atzo kazetarien galderei erantzunez presoen mintzaidetzaren bitartekariek adierazitakoaren arabera.

«Presoen kolektiboak egutegi bat zehaztu zuen eztabaida hau burutzeko, eta egutegi horren barruan ondorioak publikoak egiteko data zehatzik ezagutzen ez badugu ere eta egongo denik uste ez badugu ere, baliteke emaitza argitara ematea azaro aldera», azaldu zuen bitartekaritzaren izenean Mitxel Sarasketak. Presoek eztabaidatzeko dituzten zailtasunak nabarmendu zituen. «Argi dago presoak Euskal Herrian egongo balira eztabaida baldintza hobeetan emango zela», esan zuen. Hori da, hain zuzen ere, presoak Euskal Herriratzeko aldarriaren arrazoietako bat, beste batzuen artean, honelako eztabaida sakon bat beharrezko diren baldintzetan gauzatu dadin.

«Erasoa konponbideari»

Herriraren aurkako operazioaz EPPKren balorazioaren ostean, kolektiboaren mintzaidetzaren bitartekariek duten irakurketa plazaratu zuten atzo. Esan zutenez, «operazioa presoen aldeko goranzko dinamikaren kontrako erasoa» izateaz gain, EPPKren kontrakoa ere bada, «eskubideen aldeko atxikimendua zapuztu» nahian, eta «konponbidearen alde egiten ari den ororen kontrako» eraso argia ere bada.

Lakuako Gobernuak, EAJk eta Ertzaintzak izan duten jokabidea salatu zuten. Adierazi zutenez, jeltzaleek operazioa gaitzesten zutela esan baina Ertzaintzaren bidez babestu egin zuten, eta «operazioaren beroan oraindik euskal presoen egoera eta ardura ezker abertzalearen bizkar jarri zuen».

Izan ere, gogor kritikatu zuten euskal presoen onuren gaineko EAJren «diskurtso zaharkitua». Esan zutenez, kideei egunero aplikatzen dizkiete salbuespen lege eta neurriak, eta espetxe onurak dagozkien eskubideak ukatzeko baliatzen dituzte.

«PNVk badaki hori guztia», esan zuten bitartekariek, jarraian gaineratuz «EPPKren eskua luzatua» duela, baina «iraganeko diskurtso eta praktikak alboratu eta eskubideen errespetuaren norabidean kokatu» behar duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo