GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Euskal Herriko Harri Txikien finala

Aimar Irigoienek txapelak pilatzen jarraitzen du

Errezildarrak berriro ere erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Izeta IV.a sailkatu zen bigarren postuan.

p034_f01_546x546.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek inongo arazorik gabe irabazi zuen herenegun Martutenen jokatu zen Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa. Izeta IV.ak lortu zuen bigarren postua, eta berak oso lan ona egin zuen. Hiru ziren parte hartu zutenak, eta Urrutiak amaitu zuen azkeneko postuan.

125 kiloko harri errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 113 kiloko kubikoa, eta 100eko bola erabili zituen kirolari bakoitzak, eta lanerako hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Aimar Irigoienek lehen harriarekin ekin zion aldeak ateratzeari, izan ere, 125eko errektangularra 30 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Lau gutxiagorekin konformatu behar izan zuen Izeta IV.ak, eta hor garbi ikusi zen txapela nora joango zen, zaila baita edozein harrirekin errezildarrari lau jasoaldi baino gehiagoko aldea kentzea, eta ez da ahaztu behar, gainera kiloek balio dutela txapelketetan, eta ez jasoaldiek.

Urrutiak 21 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, eta aurreko bietatik nahiko aparte geratu zen, eta nafarrak ere garbi ikusi zuen herenegungoan azkena amaitu beharko zuela, aurreko biei zerbait gertatu ezean.

Bigarren harria aurrekoaren pisu bereko zilindro kopa izan zuten, eta Irigoienek berriro ere 30 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Izeta IV.ak lan bikaina egin zuen, eta errektangularrari baino jasoaldi bat gehiago eman zion, baina berriro ere tarte handi samarra, hiru jasoaldiren tartea kendu baitzion Irigoienek. Harri honekin ere Josetxo Urrutia geratu zen azkena, guztira 21 jasoaldi lortu baitzituen, aurreko harriarekin lortu zituen bezainbeste.

Ondoren iritsi zen kubikoaren txanda, eta hor berdintasun handia egon zen. Aimar Irigoienek eta Izeta IV.ak berdinduta amaitu zuten, bakoitzak 20 aldiz jaso baitzuten 113 kiloko kubikoa. Josetxo Urrutiak, berriz, 12 aldiz lortu zuen jasotzea.

Beraz, bola zen azkena erabili beharreko harria, baina ordurako dena erabakita iritsi ziren, izan ere, harri honekin inork minik hartu ezean, hiru postuak erabat finkatuta zeuden. 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu zuen Irigoienek, 23 aldiz Izeta IV.ak eta azkena, berriz, Urrutia geratu zen, 13 jasoaldirekin.

Sailkapenean, Aimar Irigoien izan zen nagusi, guztira 12.260 kilo jasota. Bigarren postuan, berriz, Izeta IV.a sailkatu zen, eta zarauztar gazteak 11.185 kilo jaso zituen. Hirugarren eta azkeneko postuan Josetxo Urrutia sailkatu zen, eta nafarrak 8.206 kilo bizkarreratu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo