AIZKORA
Arria V.ak eta Xabier Zalduak aspaldian egin den apusturik gogorrenetakoa jokatuko dute abenduan
J.L.
Arria V.ak eta Xabier Zalduak abenduaren 22an neurtuko dituzte indarrak Tolosako zezen-plazan, 12.00etan, eta ez dute edonolako apustua egin, aspaldian jokatuko den handienetakoa izango baita bera.
Kirolari bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren 8 kilometro egin beharko ditu korrikan. Enborrak Zalduak plazaratuko ditu, eta alde bakoitzak, berriz, 6.000 euro jokatuko ditu dirutan. Esan beharrik ere ez dago lana nolakoa den, bi aizkolariek ere prestakuntza handia, ikaragarria, erakutsi beharko baitute.
Xabier Zaldua agertu zenetik urtean apustu bat baino gehiago egin ditu, eta azkeneko urte hauetan gehien egin dituena izan dela esan daiteke. Aurten, jadanik lau aizkora apustu jokatu dira, eta beste bi daude hitzartuta, eta bera hirutan arituko da. Urtarrilean neurtu zen Jon Irazuren aurka, eta galdu egin zuen. Azaroan, berriz, binaka jokatuko du, Dorronsoro lagun duela, eta aurrez aurre, berriz, Esnaola eta Berasategi izango ditu. Eta urtea amaitzeko, Arria V.aren aurka neurtuko ditu indarrak. Garbi erakutsi du apustuak gustuko dituela.
Arria V.ak, berriz, ez du aspaldian aizkora apusturik jokatu, eta aizkora mundutik apur bat aldenduta ere egon da errezildarra. Azkeneko urte hauetan ez da aritu ez Urrezko Aizkoran, ez txapelketa ofizialetan, eta apusturik ere ez du jokatu. Azkenekoa jokatu zuenetik ere urte mordo bat pasatu dira, eta orduan Miel Mindegiaren aurka jokatu zuen. Zaldua aizkoran berandu hasitakoa den bitartean, Arria oso gazterik hasitakoa da. Aizkolariaren semea izanik, oso gaztetan hasi zen maila oso ona ematen, eta 20 urte besterik ez zituela lortu zuen Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela, maila nagusira igoz.
Gerora, gorabehera asko izan ditu, baina garbi dago errezildarrak ate handitik itzuli nahi duela aizkora mundura, eta horretan saiatuko da. Zaldua ere behe-behetik hasi zen aizkora munduan, baina ezagun egiten hasi zen Ander Erasuni apustua irabazi zionean, Azpeitian, aizkoran eta korrikan.