GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Goñi Iruñeko espetxean da, arrastaka eraman ondoren

pd05_f01_13557.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Astelehen goizaldean atxilotu zuen Luis Goñi Polizia espainolak, eta Iruñeko espetxera eraman zuten, Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak Efe agentziari emandako datuen arabera.

Euskal presoekin gertatu ohi denez, sakabanaketa politika ezarriz Euskal Herritik urrun eramana izateko arriskupean da Barañaingo biztanlea. Sei urteko espetxe zigorrari egin behar dio aurre Goñik, uztailean Auzitegi Gorenak berretsi egin baitzuen aurretik Auzitegi Nazional espainolak ezarritako zigorra.

Albak gaineratu zuenez, Estatu espainoleko Espetxe Administrazioak erabakiko hemendik aurrera nora eramango duen Goñi. Beste modu batean esanda, ez da espero Nafarroan geratzea.

Atxilotu hartu zutenean, poliziek lurretik arrastaka eraman zuten Barañaingo gaztea eta ahoan zauriak eragin zizkioten, odola zeriola. Bere egoerari buruzko informazioak eskas dira.

Igandean, ordea, animoso zegoen Goñi. Jasotzen ari zen elkartasunarengatik eskerrak ematen zituen, behar adina ordu zutik irauteko borondatearekin. Hamaika orduz egon zen Goñi Nabarreriako iturriaren ondoan, ehunka lagunez inguratuta.

Duela egun batzuk Interneten bidez zabaldu zuen bideo batean iragarri zuen Goñik atzo desobedientziaren aldeko martxaren ostean Iruñeko karriketan izango zela. Horrez gain, hilabete hauetan berari eta Xabier Sagardoiri sostengua eta elkartasuna adierazi dioten guztiei eskerrak eman ondoren, euren egoera zabaltzeaz gain bidegabekeriei herri bezala erantzuteko baldintzak sortu direla nabarmendu zuen. Helburuak betetzat eman zituen Barañaingo gazteak.

Kronologia

Ia lau hilabete harresiari adreiluak jartzen

Nabarreria plazan irudikatu zen herri harresia eta askegunea ez dira bat-batean eta ezerezetik sortu. Azken hilabeteotan Iruñerrian egindako lan eskergaren fruitua izan da, pixkanaka-pixkanaka indarra hartu duten mobilizazioetan oinarrituriko uholdea izan da. Hona hemen ibilbide horren urrats zenbait:

EKAINAK 22 •
Ehunka lagun bildu dira Iruñeko Gazteluko Plazan herri asanblada egiteko. Herri harresia nola antolatu izan da eztabaida gai nagusia. Une horretan bost dira espetxeratuak izateko arriskuan diren Iruñerriko gazteak: Maider Caminos, Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Aritz Azkona eta Mikel Jimenez. Eguzkipean, elkartasuna adierazteko kolore laranja erabiltzea erabaki dute, eta sanferminetan gisa horretako zapiak eramatea proposatzen dute.

UZTAILAK 3 • San Fermin jaien bezperan egindako agerraldian, elkartasunetik konpromisora jauzi egiteko deia egin dute. Egun honetan erabaki behar du Auzitegi Gorenak bost gazteen aurkako epaia berresten duen ala ez: aldez aurretik Auzitegi Nazional espainolak ezarritako seina urteko zigorra mantentzen duen ala ez erabakiz. Ehunka herritarrek etxeko giltzak erakusten dituzte gazte hauei babesa emateko prest dauden seinale gisa.

UZTAILAK 23 • Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dauden gazteek (Mikel Jimenez dagoeneko espetxean da beste kausa bat dela-eta) ezkutatzea erabaki dute, espetxeratzeko arriskuaren aurrean. Bideo bat zabaldu dute erabaki horren berri emateko. Handik ordu gutxira, Gorenaren epaiaren berri iristen da auzipetuen familietara. Luis Goñiren eta Xabier Sagardoiren kontrako zigorra berresten du, eta besteak absolbitu egiten ditu. Mobilizaziok izan dira Iruñean eta gazteen auzo eta herrietan. Goñik eta Sagardoik ezkutuan segitzeko erabakiari eusten diote.

UZTAILAK 27 • Amaiurren, herri harresia osatzeko ekitaldi sinbolikoa egin dute. Nafarroaren burujabetza defendatu zutenen azken gotorlekuan egungo herritarrek erasoen aurrean defendatzeko harriak pilatu dituzte, herri harresia sortzeko helburuarekin. Absolbituak izan diren Maider Caminosek eta Aritz Azkonak ekitaldian parte hartu dute. Guardia Zibilak kontrolak ezarri ditu Amaiurrera heltzeko bideetan. Eleak taldeko Zigor Olabarriak gogora ekarri duenez, Goñi eta Sagardoi defendatzeko harresiaren epizentroa Iruñerrian dago, baina epaitegi ugari daude eta harresiak nonahi altxatu beharko dira.

IRAILAK 20 •
Kilometro eta erdiko luzera duen giza katea osatu dute Barañainen Goñiri eta Sagardoiri sostengua adierazteko helburuarekin. 1.500 lagunek desobedientziaren aldeko hautua egin dute.

IRAILAK 30 •
Ezkutuan egoteari uztea erabaki eta gero, Guardia Zibilak Xabier Sagardoi atxilotu du Sorladan.

URRIAK 13 •
Aurreko asterako desobedientziaren aldeko martxa deitua zegoen Iruñean, baina Herriraren kontrako polizia operazioak urriaren 13ra arte atzeratzera behartu du. Egun batzuk lehenago zabaldutako bideo baten bidez, egun horretan ezkutatzeari utziko diola iragarri du Goñik. Barañaingo gaztea babesteko helburuarekin herri harresia antolatu da Iruñeko Nabarreria plazan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo