GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

kirola Bodyboarda

Pierre Louis Costes garaile Zumaiako txapelketan

 Bigarren urtez jarraian Europako itzuliko bodyboard txapelketa izan da Zumaian.

p052_f01_184x84.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Bigarren urtez jarraian Europako Bodyboard Zirkuituko txapelketa egin dute Zumaian, eta, iaz bezala, aurten ere Pierre Louis Costes frantsesa gailendu da. Ikuskizun ederra izan zen.

Ostiralean hasi zen txapelketa metro bateko olatu politekin. Itsasgoran ezker olatu borobila jasotzen da hondartzaren mendebaldean eta hor aritu ziren lehiakideak euren abileziak erakusten. Eguraldiak asko lagundu zuen, eguzkia eta giro epela izan baitzen. Hego haizeak ere olatuei forma ezin hobea ematen zien, baina, aldiz, larunbat arratsaldean olatuen tamainak behera egin zuen. Hala eta guztiz ere, hurrengo egunean baldintzak okerragoak izan zitezkeen, eta, badaezpada ere, antolatzaileek txapelketa larunbatean bertan amaitzea erabaki zuten.

Europako rankingean buru den eta iazko txapela irabazi zuen Pierre Louis Costes frantsesak ez zuen azken unera arte baieztatu Zumaian izango zenik. Izan ere, lesio bat guztiz osatu gabe zeukan. Hala eta guztiz ere, azkenean arriskatu, parte hartu eta irabazi egin zuen.

Bigarren postua Alex Uranga zumaiarrak eskuratu zuen. Uranga Grand Slam Series itzulia egiten ari da, hau da bodyboard modalitatean dagoen maila goreneko zirkuitua. Beraz, Zumaian ikusi ahal izan zen maila mundu mailakoa izan zela esan daiteke.

Hirugarren postua Beñat Elosua donostiarrak eskuratu zuen. Gazte hau egun ranking europarrean bigarren postuan dago eta Alex Uranga bezala lehen mailara igotzeko lehian ari da. Laugarren postua Anas Haddar marokoarrarentzat izan zen.

Kontuan hartzeko beste bi lehiakide Alex Odriozola eta Unai Granados izan ziren. Biak zumaiarrak dira, eta biek lortu zuten final laurdenetara iristea txandaz txanda bikain lehiatu ostean.

Zumaiako txapelketa, babesle desberdinen laguntzarekin egin arren, herritarrek antolatutako lehiaketa dela esan daiteke. Bertako elkarte eta surf eskolako kideen esfortzuari esker egiten da, eta hori, ikusleen zein parte hartzaileen beraien esker onean ere nabari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo