GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

197/2006 doktrinaren epaiari buruzko saio berezia Info7 Irratian

 

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak 197/2006 doktrinari buruzko epaia emango du gaur goizean, eta, hala, Info7 Irratiak saio berezia eskainiko du auziaren inguruan. Jon Mikel Fernandez eta Eider Olazarren gidaritzapean, «Kalegorrian» saioa ohi baino luzeagoa izango da eta arratsaldeko ordu batak arte iraungo du. Bi orduko saioan, Estrasburgoko epaitegiak emango duen ebazpena oinarri, alderdi politiko, eragile zein herritarren iritziak eta erreakzioak bilduko dituzte.

Saioak irauten duen bitartean, Urruñako estudioetan izango dira Haizea Ziluaga abokatua eta Jose Ramon Roja eta Fernando Etxegarai preso ohiak. Roja eta Etxegarai berriki geratu dira libre eta biei aplikatu zitzaien 197/2006 doktrina. Bestalde, telefono bidez hainbat iritzi bilduko dituzte irratsaio berezi honetan.

Zehazki, Ines del Rio presoak 197/2006 doktrinaren aurka jarritako helegitea ebatziko du gaur Estrasburgok, eta, hala, tafallarraren senideekin hitz egiteko aukera izango dute saioan, baita haren abokatu Amaia Izkorekin ere. Etxerateko hainbat kidek eta Iñaki Soto GARAko zuzendariak ere hartuko dute parte saioan.