GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilbo betez auzipetuak babestera dei egin dute

Madrilen epaitzen ari diren 80 euskal herritarrak babesteko, kalera atera dira Gipuzkoako pilotarekin lotutako lagun ugari, baita Laudioko eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkariak ere. Auzipetuek gaur Bilbon biltzeko deia egin dute, «herri librean pertsona libreak» izateko.

p015_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko «familiak» babesa eman nahi dio bertako presidenteari, Mikel Arregi Ertxini. Bertze 35 lagunekin batera, 35/02 sumarioan auzipetuta dago Ertxin eta Auzitegi Nazionaleko epaiketari aurre egiten ari da.

Pilota munduaren laguntzaren erakusgarri, kirolari, kazetari, elkarte, presidente, epaile eta, oro har, pilota maite duten pertsonek egin zuten agerraldia atzo Donostian, Arregirekin batera. Han ziren, bertzeren artean, Oier Mendizabal pilotari profesionala, Xabier Euzkitze eta Arritxu Iribar kazetariak, Reyes Azkoitia Bergarako pilota elkarteko ordezkaria eta Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakaria.

Argazki bat atera ondotik, guztiek sinatutako agiri bat irakurri zuen Euzkitzek, Madrilen hasitako bi epaiketa erraldoiek «Euskal Herriaren aniztasunari zuzen-zuzenean eraso» egiten dietela salatzen duen testu bat.

Agirian, pilota ere aniztasun horren isla izanik, beraiek ere erasota sentitzen direla adierazten dute, eta bat egiten dute uztailaren 8an euskal gizartearen zenbait eremutako profesionalek egindako ekarpenean jasotzen diren bost puntuekin: «Ez dezatela gehiago epaiketa politikorik egin; eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxibatu ditzatela; prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desager dadila; aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen zein askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela; eta elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezartzeko aldarria egin nahi dugu».

Laudioko agerraldia

Arabako Batzar Nagusietako eta Laudioko Udaleko kideek ere agerraldia egin zuten herenegun, bi makroepaiketak salatu eta auzipetuei eurekin daudela erakusteko. Bereziki 35/02 sumarioan epaitzen ari diren Santi Hernando izan zuten gogoan, ezker abertzaleko ordezkaria izana Batzar Nagusietan, Gasteizko Parlamentuan eta Laudioko Udalean.

Azken honetan mozio bat aurkeztuko dute, egoera hau gaitzetsi eta zinegotzi eta lankide izandakoari elkartasuna adierazteko. Bertze epaiketa politiko batzuk oroitu zituzten, iragandakoak eta datozen urteetan 200 pertsona epailearen aitzinera eramanen dituztenak. Politika epaitzen dela kritikatu eta gaurko Bilbon (17.30ean, Jesusen Bihotzean) antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten.

Martxa honetarako deialdia egin zuten 35/02 eta 26/11 sumarioetako auzipetuek ere, pertsona libreak izan nahi dutelako herri libre batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo