GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskari lur eremu bat alokatzeko erabakia berretsi du Beskoitzeko Udalak

Suprefetaren presioen gainetik, Beskoitzeko Herriko Etxeak Seaskari ikastola berria ezartzeko lur eremua alokatuko diola berretsi du. Ikastolen federazioak poza agertuta, dei egin dio Estatuari «intimidazio saiakerak» baztertu eta murgiltze eredurako lege berezia egin dezan.

Arantxa MANTEROLA | BESKOITZE

Beskoitzeko Herriko Etxeko kontseiluak joan den uztailaren 9an hartutako deliberoa berretsi egin du aste honetan bertan. Horrela, Seaskari lur eremu bat alokatzeko asmoak indarrean segitzen duela baieztatu du.

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak atseginez hartu du berria. Atzo, erabakia iragartzearekin batera, Bezkoitzeko auzapezari eta udalbatza osoari eskerrak eman eta Patrick Dallennes Baionako suprefetaren «larderiazko saiakera berriak erabakian eraginik ez» izanagatik poza agertu zuen.

Agirian oroitarazten du, «alokairu baten trukean herriko ondasun bat baliatzeko parada arrunt legezkoa dela». Horrenbestez, Estatuko ordezkariei beren «jarrera erasokorra» baztertzeko eskatu die, «legezko argudiorik» ez duelako.

Hendaian baino urrunago

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak adierazi du Bezkoitzeko kasuan Hendaiakoan baino «urrunago» joan direla: «Nahiz eta alokairu bat ordaintzeko engaiamendua dugun, Estatuak ez du utzi nahi ikastola berri bat plantan ematea».

Seaskak gogorarazi du egun eragile guztiek ondotxo dakitela «ikastolen garapenean oztopoak jartzea euskararen berreskuratze prozesua arrunt geldiaraztea» dela, eta are, «ondoko belaunaldiei euskararen transmisioa segurtatzeko gai izanen diren hiztun oso gehien sortzen dituen eredua, murgiltze eredua» dela.

Hala, dei egin dio Gobernuari lehenbailehen «behin betiko aterabidea» aurki dezan. «Ondasun publikoak ikastolen esku ezartzea edo ikastolen inbertsioetan parte hartzeko xedea duten herri erakundeek Estatuaren mehatxurik gabe» jardun ahal dezaten, murgiltze ereduarentzat lege berezi bat egitea ezinbestekotzat jotzen du Seaskak.

AURREFABRIKATUA

Ikastola berri bat ireki ahal izanen du Seaskak, momentuz hiru haurrekin. Bezkoitzeko Herriko Etxeak utziko dion lur eremuan eraikin aurrefabrikatu bat ezarriko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo