GARA > Idatzia > Kultura

«Alliot-Marieren bulegoan nintzelarik, ahantziak neuzkan gertakariak oroitu nituen, euskal iheslariekin lotutakoak»

p042_f01.jpg

François Sureau

Epaile ohia, abokatua eta idazlea

François Sureauk (Paris, 1957) Ecole Nationale d'Administration eskolan egin zituen ikasketak. «Revue française d'économie» argitalpenaren zein etorkinak laguntzea helburu duen Pierre-Claver elkartearen sortzailea da, baita «Commentary» egunkariaren argitaratze-kontseiluko partaidea ere.

Jon GARMENDIA | DONIBANE LOHITZUNE

Berriki Donibane Lohizunen izan da François Sureau, bere azken liburua aurkezten, «Le chemin des morts» (Hildakoen bidea, Gallimard argitaletxea) eta harekin hitz egiteko parada profitatu dugu. Sureau gizon diskretua da, ez da xehetasunetan sobera sartzen, eta galdera zuzenak erraz saihesten ditu, errateko dituenak baino garrantzitsuagoak direlako isiltzeko dituenak. Aldi berean, aginte eta botere guneetatik hurbil sumatzen da.

Ecole Nationale d'Administration eskolatik igarotako pertsona izanki, ezin ahantzi handik igaro direla Frantziako Errepublikako agintari guztiak. François Fillon lehen ministro ohiaren hurbileko pertsona da François Sureau. Sarkozyk hauteskundeak galdu zituelarik, alderdiko burua izendatzeko barne hauteskundeak iragan ziren UMP barnean. Bi hautagai nagusiek beren burua irabazle agertu zuten, horren ondorioz bozen inguruko hizka-mizka sortu zen, iskanbila, eta Fillonek Sureaurengana jo zuen abokatu gisa babes juridikoa eman ziezaion afera horretan.

Guztira hamasei liburu idatzi ditu Sureauk, ez da idazle hasiberria beraz. Idazle gisa lortutako arrakasta horrek bultzatuta, liburuaren aurkezpena hartu zuen 5eme Art liburu dendako aretoa mukuru bete zen aurkezpenean. Galderak anitz erantzun zituen Sureauk, GAL indarrean izan zen garaiarekin eta euskal iheslari politikoekin lotutakoak besteak beste. Ondotik, gurekin hizketaldia izateko sosegua ukan zuen.

2010ean Loiolako Inaziori buruzko «Iñigo» liburua argitaratu zenuen. Zure azken liburuak «Le chemin des morts» (Hildakoen bidea), euskal iheslari baten istorioa kontatzen du. Euskal Herriarekin baduzu halako loturarik edo idazteko baliagarri zaizun alosia sortzen dizu?

Euskal Herria inspirazio iturrietako bat bilakatu zait, bai. Baina ustekabean izan da, hala ere. Loiolako Inaziori buruz interesatu nintzen hastapen batean, baina bere konbertsio eta espiritualitatearekin ukan nuen erakarpen hori, ez bere sustraiekin. Gero deskubritu nuen bere sorterrian sakon sustraiturik zituela erroak, eta bere gaztaro eta nerabezaroan interesatu nintzelarik lurralde horren berezitasuna ikusi nuen. «Le chemin des morts» idatzi dudalarik, epaile administratibo nintzeneko garaiak heldu zitzaizkidan gogora, 1980. urtearen hastapenak. Garai hartan, asiloa eskatzen zuten pertsonen eskaerak aztertzen zituen batzorde bateko kide nintzen. Batzorde horretan euskal iheslarien eskaerak aztertzen ziren. Bestalde, Euskal Herrira bi liburu horiek idazteko hurbildu izan naiz, gertutik ezagutzeko parada baliatuz, eta hor ikasi dut lurralde hau maitatzen. Unibertsalari biziki lotua banaiz ere, Peguyren erranaldi bat birmoldatuz zera ikasi dut: partikularraren ohean oheratua ez den unibertsalik ez dago. Eta euskal berezitasuna begi bistakoa da, baina ez dut sailkapen politikoen arabera aztertzen, bai, ordea, idazle batek liburu bat idazten duenean nozitzen dituen inpresio sentikorren arabera, iragazkortasun egoera batean jarrita: zerua, itsasoaren kolore berezia, lur saminetako landareak, elizak eta kanpandorreak, eserleku eta galeriak, mendian hondoratutako karabela bitxiak bailiran.

«Le chemin des morts» Donibane Lohizunen aurkeztu duzu, GALek bereziki kolpatutako herrian. Arrangura edo kezkarik sortu dizu horrek?

Ez, ez naiz Euskal Herrira itzultzeko aukeren aitzinean kezkatua agertzen nehoiz, bai aldiz kontent. Gainera, zerbait idazten denean, obra hori amaitutzat ematen denean, baliatu dudan atmosfera hori berriz aurkitzea interesgarria zait.

Eta zergatik idatzi duzu liburu hau 30 urte berantago?

Liburuan kontatzen dut nola Javier Ibarrategiren heriotza eta gero bere oroimena beti nire baitan izan dudan, nola nire bizitzako momentu sakonetan ondoan izan dudan. Baina ez da hala. Ibarrategi hil eta gero, gertakizun hori nire memoriatik ezabatu dut. Psikologia adituek bizitako esperientzien memoria galtzearekin lotzen dute fenomeno hori, memoria episodikoaren galerarekin, eta 2005. urtearen inguruan bururatu zait istorio hori berrartu eta kontatzea; Afganistango iheslari baten kasuaz arduratzen ari nintzen eta hark bultzatu ninduen horretara.

Zer gertatu zen afganiar iheslari horrekin?

Istorio berezia da. Iheslari horren aita eta anaia talibanen hurbilekotzat jotzen zituzten. Bera, atxilotu eta basatiki torturatu zuten. Aske gelditu zelarik, familiakoek Europara bidaltzea erabaki zuten, eta, horretarako, jendea herri batetik bestera garraiatzen zutenekin harremana egin eta dirutza ordaindu zieten. Haien eskuetan zelarik, garraiatzaileek familiari diru gehiago eskatu zioten. Ordainketarik egin ez zenez, eskuko hatz bat moztu eta familiari igorri zioten. Azkenik, Frantziara iritsi zen, baina bere asilo eskaera ez zuten aztertu ere egin eta berriro bidali zuten bueltan Afganistanera. Hala ere, saiakera berri baten ostean Frantziara itzuli zen; berriz ere bertatik kanporatzekotan ziren. Errekurtso juridiko guztiak agortu ostean, bere kanporatzearen bezperan, Barne Ministerioan neukan kontaktu bati esker Barne ministroarekin biltzea lortu nuen. Michèle Alliot Mariek jaso ninduen, bai eta entzun ere, eta dei telefoniko baten bidez Afganistango iheslari horren kanporatzea saihestea lortu zuen. Agindu zorrotz bat izan zen hura, betearazlea. Alliot Marieren bulegoan nengoelarik, memoria episodikoa berreskuratu nuen, 30 urtetan ahantzita ukan nituen pasarteak berriro heldu zitzaizkidan gogora, euskal iheslariekin lotutako kontuak.

Ikerkuntzak egin ditugu eta zure liburuan aipatzen duzun Javier Ibarrategi ez zela existitu egiaztatu dugu. Zergatik gordetzen duzu bere benetako identitatea? Ez duzu beragatik galdetua izatearen kezkarik?

Nire liburuaren gaia ez da Javier Ibarrategiren aurpegiaren atzean ezkutatu nahi izan dudan edo ditudan lagunen bizitzaren kontakizuna. Arrazoi horregatik bizitza horiei buruz ez dut ezer aipatuko. Hala ere, Ibarrategiren pertsonaia hiru euskal iheslari desberdinen ezaugarri eta ibilbideen nahasketa bat da. Nire liburuaren gai nagusia epaitzeko zailtasuna da, zuzenbidea eta justizia bereizten dituen espazioa, Estatua ordezkatzen dutenen ardura agertzea baina humanitatea galdu gabe. Problematika bera dute iheslari guztiek: Sri Lankako tamilek, afganiarrek, irandarrek, somaliarrek, etiopiarrek edo kosovarrek. Sorterria utzi dute eta nonbait bizitza berri bati hasiera eman behar diote. Erabaki bakoitzaren atzean, istorio bat dago, kontatu dudana bezain mingarria. Eta anitz dira pilatzen diren galderak. Nola bereizi egia eta gezurra? Nola aplikatu zuzenbidea injustua izan gabe? Nola eman asiloa manera onean? Eta nola bizitza zeharkatu begiak irekita, hartutako erabakien ondorioek zuregan eragin gabe?

Baina zu iheslariei asiloa eta errefuxiatu estatutua ematen zien batzordeko kidea zinen, epailea. Zertan zetzan zure lanak, zure ardurak ?

Estatuko Kontseiluko kide izan nintzen, bai, epaiketak prestatzen nituen, baita erabaki proiektuak idatzi ere. Baina errefuxiatuen batzordean nire funtzioak anexoak ziren, bigarren mailakoak.

Epaile izateari utzi zenion, abokatu bilakatzeko. Izan ote zuen eraginik horretan Javier Ibarrategiren gertaerak?

Ez dut uste abokatu lana liburuko gertakari eta kontakizunengatik hautatu dudanik, edo ez behintzat manera zuzen eta kontzientean. Denborarekin ohartu naiz, pertsonen kasuak defendatzea, afera desberdinen aitzinean haiek defendatzea ene bokazioa zela. Berandu agertutako bokazioa.

Eta iheslarien problematika zertan hobetu edo aldatu da azkenengo 30 urteotan zure ustetan?

Gaia da aldatu dena, materia bera, zehazkiago erranik: kopurua. Garaian 3.000 eskaera zeuden urtero. Gaur egun hamar aldiz gehiago. Asilo eskubidearen gortea epaitegi administratiborik lehenena bihurtu da, bai behintzat kasu kopuruari begiratzen bazaio.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo