GARA > Idatzia > Kultura

«Le chemin des morts»: Errealitatea ardatz hartuta lehen pertsonan eginiko fikziozko kontakizuna

Jon GARMENDIA Idazlea

Frantsesez argitaratu da liburua, eta ez da eleberri klasiko bat, baizik eta errealitatea ardatz hartuta lehen pertsonan eginiko fikziozko kontakizuna. Gallimard argitaletxearen eskutik ikusi du argia «Le chemin des morts» liburu irakurterrazak. Bertan, 80ko hamarkada hasieran, François Sureau goi mailako funtzionario gisa ageri zaigu; 25 urterekin Estatuko Kontseiluan sartu eta berehala, errefuxiatuen errekurtsoen batzordeko sailaren kudeaketan parte hartzera igarotzen da.

Batzorde horrek Frantziari galdegindako asilo eskaerak aztertzen zituen. Franco diktadorea hil eta gero, nazioarte mailan Espainia demokraziara itzulia zela kontsideratzen zelarik, Frantziako presidenteak, Valérie Giscard d'Estaing berak, hamabost euskal iheslariri errefuxiatu politiko estatutua kendu zien. Batzordeak erabaki horren kontrako errekurtsoak aztertu zituen. Eta batzorde horretan aztertu zen Javier Ibarrategiren kasua ere. Javier, Zestoako gizon jakintsu bat zen, kultura handikoa, eta, antza, Meliton Manzanasen hilketan parte hartu zuena. 1969. urteaz geroztik Frantzian bizi zen Ibarrategi, eta, errekurtsoa aztertzerako garaian, Carrero Blancoren aurkako ekintza errefusatu zuen; beraz, bizitzaren aldeko borrokalari gisa aurkezten du Sureauk.

Frantsesez bikain moldatzen zen zestoarra, hala aurkezten du idazleak. Batzordearen aitzinetik pasatzen delarik, Ibarrategik GAL gisako egituren mehatxua aipatzen du. Ahazterik ez dela izango, «borroka zaharra delako, heriotza arteko borroka».

Asiloa ematen ez badiote, Euskal Herrira itzuliko dela aitortzen du Ibarrategik. Batzordekoei zerbait gertatuz gero, bera horren arduradun ez jartzeko eskatzen die. Jakina, eraso bezala hartzen dute adierazpen hori batzordekoek. Errefuxiatu estatutua ukatzen diote azkenean, eta, handik denbora batera, Sureauk «Libération» egunkarian irakurriko du Ibarrategi Iruñean eraila izan dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo