GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Euskadiren Eguna», paradoxa bitxia eta Estatutuaren babes eskasaren erakusgarria

Atzo «Euskadiren Eguna» izan zen, apartheid politikotik sortutako Parlamentu batek mendebaldeko euskal herrialdeetan ezarritako jaieguna, alegia. Hartara, kaleetan inongo ospakizunen zantzurik ez bazegoen ere, herritarrek opor eguna izan zuten, Parlamentu hark egutegi ofizialean hala seinalatu zuelako. Alderdiek ere ez zuten Estatutuaren urteurrena ospatu, ezta jaia indarrean ezarri zuen Gobernuan zegoenak ere; batek izan ezik, PPk, hain zuzen. Eta gutxienez axolagabetasuna sorrarazten duen data horrek paradoxa bat eskaini zuen: Estatutuaren kontra agertu eta botatu zutenek baino ez zuten ospatu. Hala ere, Estatutuaren kontra bozkatzearen arrazoia -herrien autonomia «Espainiaren batasunaren aurkako mehatxua» omen da- kontuan izanda, baliteke Gernikako Estatutua barik, 1839ko urriaren 25ean Baldomero Esparterok aldarrikatu zuen legea, Foruen Berrestea izendatua, ospatu izana. Hala izatera, halako koherentzia erakutsiko zuen PPk, lege hura Foruen amaieraren hasiera izan baitzen. Nolanahi izanda ere, atzoko egunari indar politikoek eta, batez ere, herritarrek ematen dioten garrantzi eskasa Estatutu horrek duen babes txikiaren erakusgarri argia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo