GARA > Idatzia > Euskal Herria

Betagarrik kontzertu berezia emango du Azken Ikasle Dantzan

GARA | DONOSTIA

Betagarriren kontzertua berezia izango dela jakinarazi zuten atzo Ikasle Abertzaleek. Mugimenduko kide ohi Galder Gonzalez, Ainara Rodriguez, Asier Lauzurika eta Haizea Solagurenbeaskoak iragarri zutenez, gasteiztarrez gain azken 25 urtetan Ikasle Abertzaleak erakundearentzat kantuak sortu dituzten lagun guztiak izango dira azaroaren 16an Donostian egingo den Azken Ikasle Dantza jaialdian.

Atzo Donostiako Bulebarrean egindako prentsaurrekoan, Ikasle Abertzaleetako partaide ohiek Betagarrik lehengo Ikasle Egunerako soinu banda egin zuela gogora ekarri zuten. Zehazki, Iker Ortiz de Villalbaren taldeak «10 urtez ikasle eta abertzale» kantua sortu zuen Diman egin zen jaialdirako.

Halaber, Azken Ikasle Dantzan izango diren ekitaldiak azaldu zituzten. Eguneko ekitaldi nagusia, 25. urteurreneko ospakizuna irekiko duena, arratsaldeko seietan hasiko da, atzoko eta gaurko ikasle antolakundeko aurpegiez osatua.

Horren ondoren, kontzertuak izango dira Illunben. Betagarrirekin batera, Donostiara joaten diren gazteek Gose, Bad Sound Sistem, Ze Esatek eta Las Tea Party Dj´s-eko saioak ikusi ahal izango dituzte.

Atzoko aurkezpenean, Ikasle Abertzaleetako lau kide ohiek sindikatuan bizitakoa eta ikasitakoa gogoratu zuten. «Ikasle antolakundean militante izatea zer den ikasi nuen. Pertsona hobea egin nau», adierazi zuen Gonzalezek.