Zuberoako Herri Elkargoak euskara teknikari berria du
Arantxa MANTEROLA | MAULE
Bigarren euskara teknikaria kontratatu du berrikitan Zuberoako Herri Elkargoak. Lurraldeko eragile pribatuak (merkatariak, lantegiak, elkarteak...) euskararen esparruan laguntzea izango du xede bereziki.
Herriko etxeetan eta beste erakundeetan euskararen garapena bultzatzeko aurretik jada lanean den beste euskara teknikaria ere lagunduko du zeregin horretan.
Hitzarmen berria
Bestalde, Herri Elkargoak duela bost urte Euskararen Erakunde Publikoarekin hasitako lankidetza berritu du. Sinatze-ekitaldi horren karietara, «euskararen transmisioa segurtatzeko eta bizi sozialean euskara hedatzeko» urte hasieratik egindako lanaren berri eman zuten Maulen.
Hala, euskararen erabilera akuilatzeko kanpaina egin zen maiatzean lekuko irratietan (Xiberoko Botza eta Mendililia irratiak). Etxeko haur berriei zuzendutako euskararen pack-a (liburuxka, kantu CDa, elder oihal...) eta haurrentzako egiturekin batera euskarazko ikuskizunak antolatu dituzte.
Langileen trebakuntza sustatzen ari da. Egun, herriko etxe eta herri elkargoetako 14 funtzionario ari dira euskara ikasten edo ezagupena hobetzen.
Formakuntza horien kostu orokorra 27.800 eurokoa da eta udalen, herri elkargoen eta EEPren artean finantzatzen dituzte (Zuberoako Herri Elkargoak 11.600 euro hartzen ditu bere gain).