Oionen jokatuko dute gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko azken saioa
Oiongo saioa da Araban jokatuko den kanporaketa bakarra eta bertan lortutako emaitzekin osatuko dute finalaurrekoan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda. Manex Agirre arabarra etxean arituko da.
GARA | DONOSTIA
Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera doa eta jada lehen fasearen azken txanpara iritsi da. Gaur bertan, 17.30ean, jokatuko da kanporaketetako azken saioa Arroyo I.a pilotalekuan. Arratsaldea ez ezik, goiza ere Oionen pasatzea erabakitzen duenak upategiak bisitatzeko aukera ederra izango du.
Azken kanporaketa hau da Araban jokatuko den bakarra eta, hori dela-eta, berezia da bertako bertsozaleentzat. Txapelketan parte hartzen duten bertsolarietatik bi baino ez dira arabarrak, eta horietatik bati, Manex Agirreri, etxean aritzea egokitu zaio (bestea Oihane Perea da, Altsasun aritu zena). Agirreren partaidetzak ere eragin du sarreren salmentan, eta ia denak saldu dira.
Berarekin batera izango dira Oionen Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua eta Miren Amuriza. Ibarrak bost aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian; Lekuek, hirutan; eta Amurizak, birritan. Gainerakoek lehen aldia dute honakoa.
Saio hau irabazten duenak azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratuko du zuzenean. Oraingoz, Unai Iturriaga eta Igor Elortza daude saio horretarako sailkatuta. Gainerako parte hartzaileak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Bestalde, Oion, ardoaren lurraldea izanik, bertako ardoa dastatzeko aukera izango dute bertsozaleek. Hala, 10.00etatik 14.00etara Zuazo Gaston eta Bodegas Faustino upeltegietan taldekako bisitaldiak egingo dituzte.