Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Fergusonen autobiografia
Gordon Brownekin zer egin ez zekiela, Alderdi Laboristako buruak Manchesterreko managerrari galdetu zion.
Ez dut kirola jarraitzen, baina kirola bihotzean daramaten gizonezkoek inguratuta hazi nintzenez, ezagunak zaizkit kirol munduko zenbait izen. Haatik, badakit Alex Ferguson nor den, eta literaturan kirola modu pasiboan kontsumitzea baino plazer handiagoa aurkitzen duten horietakoa izan arren, uler dezaket zergatik asteon liburu-dendetara iritsi den bere autobiografiak hainbesteko ikusmira piztu duen. Liburua kultur orrietan iragarria izateari ez diot azalpenik aurkitzen, baina ez naiz ni Sir Alex Fergusonen dohainak ezbaian jarriko dituena, are gutxiago Tony Blair bera aholku eske joan zitzaiola jakin ostean.
Hala baitio Fergusonek bere liburuan. Gordon Brownekin zer egin ez zekiela, Alderdi Laboristako buruak Manchester Unitedeko managerrari galdetu zion zer egingo lukeen bere jokalaririk onena berak eskaturikoa egin ez eta bere kasa arituko balitz. «Taldetik botako nuke», erantzun omen zion berak. Fergusonek ukatu egiten du orain Blair Brown kaleratzera animatu zuenik. Aitzitik, Britainia Handiko lehen ministroaren galdera kirolari loturik zegoenez, haren neurriko erantzuna eman zion. Bost axola zait Fergusonen azalpena egia den ala ez. Deigarria egiten zaidana da alderdi bateko buru ez ezik estatuburua ere baden subjektu bat, zalantza bat eduki, eta nori eta futbol manager bati joan zitzaiola aholku eske. Kirolaren erabilera politikoaz jabetuta geunden aspalditik, baina Fergusonen kontu hau guztia bestelakoa iruditzen zait. Kirolariak izango dira, bankariek eta enpresa gizonek orain arte egin bezala, agenda politikoa zehazten hurrengoak? Hori ote da Europako politikaren etorkizuna?