GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA | Amaia Lekunberri, 2013/10/24

Gorrotoa

(...) Parot Doktrina legez kanpokotzat jo du aste honetan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Hala ere, 26/11 sumarioko gazte auziperatuek pasa den astean egindako tortura salaketak oraindik argitzeke, beraien torturatzaileen deklarazioak entzutera deitu dituzte gaur. 2009ko azaroan atxilotu eta torturatu zituzten gazteen kasua, lau urte pasa diren honetan oraindik ere ipurdi-bistan egoteak eta torturatua akusazioen jo-puntuan izateak, agerian uzten du torturatzaileek izanen duten inpunitatea.

(...) Auzitegian presente zeuden 36 gazteek beraien torturatzaileen adierazpenak entzun beharrik ez zeukatela balioztatu du epaileak, hauei gelatik ateratzeko baimena emanaz. Epaileak erakutsitako jarrera gazteak torturatuak izan direla onartzeko modu bat izan delakoan nago neu ere, eta poz antzeko batek gorrotoari tokia kendu dio momentu batez, hausnarketa bat egitea ahalbidetu didan momentu motz batez.

(...) Jaio garen testuinguru soziokulturalak kontrakoa pentsa dezagun hezi gaituen arren, ahaztu egiten zaigu sentimenduak neutroak eta zentzuzkoak direla, bizi dugun egoera politiko honetan ematen diren injustizienganako gorrotoa zentzuzkoa den bezala. Sentimendu horiek bideratutako ekintzak dira neutraltasun hori ezabatu dezaketen bakarrak, eta apustu egingo nuke euskal gizartea erakusten ari den jarrerarekin nekez leporatu diezaiokeenik inork gorrotoz jokatzea. Justizia eta mendekua nahasten dituztenak, horiek dira neutraletik gutxi daukan gorroto baten jabe... eta ez noa inori begiratzera. Gorroto zaituztet, besterik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo