BERRIA | Gurutze Izagirre, 2013/10/25
Ez dago bazkarik
Mendeku gosea darie Madrildik datozen soinuei. ETAren amaieran garaileak eta garaituak nahi dituzte, eta PPk bat egin du. Garaituak eta garaileak nahi dituzte frankismoa oraindik gaitzetsi ez dutenek. Esatera ausartzen ez badira ere, bizi osorako espetxe zigorra, are gehiago, heriotza zigorra defendatzera iritsi dira Estrasburgoren epaiaren aurka egin dutenek. Nazioarteko giza eskubideen parametroetan halakoek ez dute lekurik, eta Espainiako Gobernuak hori badaki, baina elikatu duten mamuak bazka gehiago behar du. Eta jada ez dago bazkarik. Amaitu da. Hori kudeatzen asmatu beharko dute.
Espainiako Gobernuak epelak entzun beharko ditu iganderako ETAren biktimen elkarte batzuk deitu duten manifestaziora ez doalako, nahiz eta PPren goi mailako ordezkari ugari han izango diren, EAEkoak barne.
Batzuek asmatu dute mendeku gosea apaltzen. Urteak doaz horretan, aldebakartasunez. Besteek hasi beharko lukete, ondorio larriagoetara iritsi nahi ez badute.