GARA > Idatzia > Euskal Herria

Liber'Naitrek eta emaginek etxean erditzeko eskubidea aldarrikatu dute

Hamarnaka lagunek emaginen aldarrikapenekin bat egin zuten atzo Angelun. Estatu frantsesean urrian indarrean jarritako legearen arabera, emaginek aseguru berezia izan behar dute emakumeei etxean erditzen laguntzeko. Asegurua biziki garestia izaki, eskubide hori arriskuan da.

p018_f03.jpg

Arantxa MANTEROLA | ANGELU

Estatu frantses osoan etxean erditzeko eskubidearen alde emaginen sostenguz mobilizatzeko egindako deialdiarekin bat egin zuten hamarnaka lagunek atzo Angelun ere. Liber'Naitre Pays Basque eta Bizi Toki elkarteek ere babestu zuten deialdia.

Etxean erditu nahi duten emakumeak lagundu ahal izateko, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute ezinbestean emaginek. Arazoa da aseguru hori biziki garestia dela, batez beste urtean 22.000 euro inguru; hots, ia urteko soldata beste. Hori dela-eta, emagin askok legez kanpo jarduten dute gurasoek haurra etxean izatea aukeratzen dutenean.

Urriaren 1etik goiti, ordea, Osasun Ministeriotik hala bultzatuta, emaginen kontseilu profesionalek asegurua dutela egiaztatzeko agiriak exijitzen dizkiete emaginei. Horrenbestez, praktika hori desagertzeko arriskuan dela deritzote emaginek. Izan ere, jaso ditzaketen zigorrak ez dira nolanahikoak (ofizioan jarduteko debekua, 45.000 eurora arteko isunak...).

Klandestinitatera bultzatuta

Egoeraren aitzinean, emaginak sustengatzeko profesional eta gurasoen mugimendua sortu da. Izan ere, baldintza horietan beldur dira «eskubidea dena, klandestinitatean egikaritzera» bultzatzen ari ez ote diren. Hala, «beharrezko segurtasuna bermatuz», gurasoek beren «haurrak non eta nola izan erabakitzeko askatasuna» aldarrikatzen dute. Horrez gain, emaginentzat «bidezko tarifak izango dituzten aseguruak» exijitzen dituzte. Ez hori bakarrik, etxean erditzea berez arriskutsua ez dela frogatzen duten hainbat azterketa aipatuta, «askoz merkeagoa» ere badela adierazi dute. Beren esanetan, CNAM Gizarte Segurantzaren Kutxarentzat etxeko erditze batek 312 euroko kostua izango luke, erietxe edo osasun zentroetan hiru eguneko egonaldi batek 3.000 eurotik gorako kostua duen bitartean.

Horiek horrela, etxean erditzeko praktika «urgentziaz jaiotza artatzeko egintzetan barneratzea» exijitzen dute, baita emaginei aseguru egoki bat proposatzea ere. Dagoeneko eskaera horrekin bat egiten duten 18.000 sinadura bildu badituzte ere, Osasun ministroak ez du amore eman eta asegururik gabeko etxeko erditzeen legez kanpoko praktikarekin amaitzea nahi du.

Urtero, Estatu frantsesean 4.000 bat haur etxean sortzen direla kalkulatzen da. Hau da, jaiotzen diren haur guztien %5.

4.000 URTERO

Estatu frantsesean urtero etxean4.000 haur inguru jaiotzen direla uste da. Hau da, urteko jaiotza guztien %5.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo