Nobela
Martin kontalari
Iker ZALDUA
Alkasoroko bentan zutik jarri da Martin Irazoki, kontu-kontari edo kontu-kontalari. Bera baita nobela labur honetako narratzailea eta protagonistetako bat. Lehenengo pertsonan kontatzen ditu hari gertatutakoak, inguruan jazotakoak eta haren begiz ikusiak. Alkasoro Bortziriei falta zaien seigarren hori da, eremu edo bailara hori Seiherri bihurtuko lukeen gunea, Lesaka eta Bera artean paratua.
Berrogeita hamarreko hamarkada azkenetan dela abiatzen da kontakizuna eta kronologiak aurrera egiten du gertakari historikoekin batera, ia laurogeiko hamarkadara iritsi arte. Martin Irazoki narratzaile aktiboaren ibilbideari dagokiona, hain zuzen. Haatik, ez da asko pentsatu behar irudikatzeko Mikel Tabernaren betaurrekoak janzten dituela usu narratzaile aktibo horrek. Idazlea Alkaiagan jaioa da, Lesakan, Bortzirietan beraz, eta berrogeita hamarreko hamarkadaren azkenetan jaio gainera.
Kontakizunari kronologiak laguntzen diola aurrera egiten aipatu dut arestian. Dena den, hemen xehetasun bat ezinbestekoa zait. Izan ere, hasieran Bortzirietako (Seiherrietako) herri koskor batean garai jakin batean gertatutakoak biltzen dituen liburua irudi lezake «Alkasoroko benta» honek, hots, agertoki berean gertaturiko istorioak eransten direla, albumean kromoak nola. Badira kronologia edo denbora-igarotze horren saiakera xume batzuk tartean, esate baterako, Martin hasieran ume zelatari bat da, familia ostatuan edo mahaiaren inguruan elkarrekin dela esaten dituenak belarrira jasotzen dituen haurra. Orriek aurrera egin ahala, Martin dagoeneko parte hartzen hasten da, mandatuak egiten ditu, harat eta honat bidaltzen dute nerabezarora iristen ari den, artean, umea. Derrepentean unibertsitatean da Martin, Iruñean. Seinale horiek oroitarazten digute kontakizunak aurrera egin duela denboran, pertsonaia garatzeko ahalegina nabari da hor. Esango nuke hortik aurrera josten direla elkarrekin hobekien kapitulu ezberdinak, gertakizun politikoak aipatzen direnetik hasita zehazkiago esatera. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hastapenetik trantsizio gisa izendatutako arora arteko bidea urez beteriko ibaiaren antzera egiten du aurrera kontakizunak.
Horrenbestez bi benta bereiziko nituzke nik. Batetik, herri txiki bateko istorio arruntak, bertako pertsonaiak eta horien bizimodua kontatzeko ipuin solteak, protagonista eta agertokia dutenak komunean, baina Martinek bururatzen zaizkion heinean kontatzen dituenak, lotura kronologiko argirik gabe. Bestetik, gertakari historikoen kontakizuna dago, liburuaren bigarren erdia-edo hartzen duena. Hor bai, dena lerraturik abiatzen da aurrera. Unibertsitatera iritsitako haurrengan kezka politikoa ernatzen da, edo egoera politikoak kezka ernarazten du haurrengan, nahieran. Gertakizunak bata besteari lotzen zaizkio eta unibertsitatea amaitu aurretik amaitzen da, suntsitzen dute, Martinen bizitza bera. Edozein modutan ere, kontakizun atsegina da, irakurlea orriz orri aurrera egiteko irrikaz mantentzen asmatzen duena, dela beste istorio xume eta xarmagarri bat aditzeko, dela gure herriak izandako errealitatean barna lerratzeko.
Aipagarria da Bortzirietako euskara batuan dagoela idatzia, baldin eta halakorik existituko balitz, hau da, euskara batua oinarri badu ere, Bortzirietako terminologia erabiltzen du Mikel Tabernak. Uste dut hor asmatu duela idazleak, lagungarri suertatzen baita buruan agertoki horren irudia egiteko, Martin aurrean duzula irudikatzeko, zutik jarrita, kontu-kontari.