GARA > Idatzia > Ekonomia

Fagorreko krisiaren aurrean, erakundeen esku hartzea defendatu du EH Bilduk

Fagorren egoera eta berau sortu duten arazoak aztertu eta hausnarketa sakon bat egiteko deia luzatu zuen atzo EH Bilduk. Bide horretan, Mondragon taldearen konpromisoa eskatu zuen, eta, hala, langileen etorkizuna bermatuko duen bideragarritasun plan bat aurkeztea galdegin zion. Erakundeen esku hartzea ere ezinbestekotzat jo zuen, unean uneko arazoa konponduko duen «adabakia» baino, arazoaren muinari irtenbidea emango dioten politikak eraikitzeko.

p022_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Fagor Etxetresnak kooperatibak konkurtsoaren aurreko legera jo duenetik, enpresaren etorkizunak Euskal Herriko ekonomian izango duen eraginagatik kezka agertu dute eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinek. EH Bildu koalizioak agerraldia egin zuen atzo Donostian gertatutakoaren inguruan hausnartzera eta beharrezkoak diren erabakiak hartzera dei eginez.

Rebeka Ubera eta Juanjo Agirrezabala koalizioko ordezkariek adierazi zutenez, Fagorren egoerak aktore ezberdinen konpromisoa behar du. Mondragon Korporazioarena batetik, eta, bestetik, erakundeena. Horiek horrela, «daukan erantzukizuna bere gain» hartzeko eta «beharrezko bitarteko guztiekin» bideragarritasun plan bat abian jartzeko eskatu zioten Mondragon Korporazioari. Bideragarritasun plan horren helburu nagusiak «euskal esparruko produkzio gaitasuna hobetzea eta dibertsifikatzea» izan beharko liratekeela gaineratu zuten.

Era berean, enplegua mantentzearen aldeko konpromiso irmoa eskatu zioten talde kooperatiboari, egun kooperatibistak direnei bazkide izaten jarraitzeko aukera emanez.

Esku hartze zuzena

Mondragon Korporazioak izan ditzakeen betebeharrez gain, EH Bilduren ustez, erakundeek ere badute euren papera Fagorren etorkizuna bermatze aldera. «Erakundeak ere behartuta daude hausnarketa egitera», azpimarratu zuten. Ildo horretan, Fagorren balizko itxierak 2.000 pertsona baino gehiago langabezian geratzea ekarriko lukeela ohartarazi zuten.

«Hausnarketa horren abiapuntua ezin da izan Fagor Etxetresnak eta Edesa Basauri enpresen itxiera eta likidazioa beste barik onartzea. Baina beste adabaki bat jartzea ere ezin da izan», azaldu zuten.

Hortaz, sakoneko arazoei erreparatu eta irtenbide bideragarri bat bilatu behar dela ondorioztatu zuten, beharrezkoa den birmoldatze prozesua finantzatzeko erakundeen konpromisoa sustatuz. Horretarako, esku hartze publiko zuzena defendatu zuten batetik. Bestalde, banka pribatuari zorra birnegoziatzea eta operazio hori finantzatzea exijitzea proposatu zuten. Arlo horretan, dei berezia egin zieten Kutxabanki eta Laboral Kutxari, duten erantzukizuna euren gain har dezaten.

Langileei dagokionez, birmoldatze prozesu horretan langabezian geratzen den pertsona orori prestazioa bermatzea eskatu zuten.

Irizpide horiek jarraituz gero, Lakuako Gobernuak EH Bilduren babesa izango duela jakinarazi zuten. «Sakoneko arazoa zatitzeko eta urtzeko asmoa badu, hau da, Fagorren balizko likidazioak eragindako alarma soziala baretzeko asmoa bakarrik badu, aurrean izango gaitu», gaineratu zuten.

EH Bilduren aburuz, «Mondragonek ezin du arazoa konpondu enplegua suntsituz eta produkzioa beste leku batera eramanez». Hori horrela, Fagor Etxetresnak enpresaren inguruan hartzen den erabakiak «talde kooperatibistaren etorkizuneko eboluzioan eragin zuzena» izango duela ohartarazi zuten Uberak eta Arrizabalagak.

Herri estrategia

EH Bilduren iritziz, Fagorren egoerak erakusten du krisiak nola kolpatzen duen Euskal Herriko ehun industriala, baita «itxura batean sendoenak diren proiektuak» ere. Hori dela eta, euskal erakundeek «derrigorrean» esku hartu behar dutela errepikatu zuten, eta, hortaz, Euskal Herriko erakunde sareak «esku hartzeko gaitasun osoa» behar duela aldarrikatu zuten.

«Letra larriz idatzitako herri akordioa behar dugu. Madrildik inposatzen digutena egiten jarraitzeak Europatik gero eta gehiago aldentzen gaitu», nabarmendu zuten.

Herri izaerako estrategia horren baitan, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen dituen zenbait printzipio azpimarratu zituzten. Alde batetik, euskal produkzio ehuna osatzen duten enpresa txiki eta ertainei laguntzeko finantza sektore publikoa eraikitzea proposatu zuten, euskal erakundeen esku hartzea baino izango ez duen politika publiko propioen artikulazioarekin batera. Politika publiko horien lehentasun gisa, aberastasunaren bidezko banaketa, zerga sistema progresiboa eta iruzurraren aurkako borroka kokatu zituzten.

Bestalde, langabeziaren hazkundearen aurrean, kalitatezko enpleguaren sorreran eta euskal produkzio ehunaren garapenean lan egiteko apustua egin zuten, eragile sindikal eta sozialen parte hartzearekin.

Proposamenak

Fagorreko birmoldatze planak erakundeen eta Mondragon taldearen esku hartzea behar duela uste du EH Bilduk. Banka pribatuari zorra birnegoziatzea eskatu dio eta lanpostua galdu duten langileentzat prestazioa bermatzea talde kooperatiboari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo