GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Herri Kontuen kontuak

Hara! Abiadura handiko tren antzeko horren proiektu itxurako horretan zer eta irregulartasunak izan direla irakurri dut egunotan egunkarian. Makro-proiektu itxura duten guztiak ikuskatuko balituzte, hamaika ezusteko agerian baietz! Eta denak aurretik ustekoak! Tira, harira! Zeinek eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esana du hori! Pentsatu dut erakunde bat dela hori. Baina izenaren berba batek sikiera arreta deitu dit. Epaitegia? Ez, arren, horrek hemengo inor gutxiri sortzen dio sorpresa. Euskal? Ez, hori ere ez, gaur-gaurkoz kanpoan epaituak izateko gara, ez hemengoa epaitzeko! Kontua! Are gehiago, herri kontuak! Horrexek arreta bai! Ipuinak, pentsatu dut halako batean, Herri Ipuinen Euskal Epaitegia! Izan badu logika, epaileek ohitura handia baitute ipuinak epaitzen. Esne-saltzailearena etorri zait burura, tira, hemengo esnea atez ate saltzen zeneko kontua! Baina, pentsatzen segituta, gaur horretarako denbora badaukadanez, Planta egin, horixe ere izan daiteke Kontu horrena; hortaz, Herri Planten Euskal Epaitegia! Eta marihuana etorri zait burura, ke eta guzti. Herri Plantoena izango balitz behinik behin! Baina orduan ezin Jaurlaritzaren diru-laguntza izan. Baina hara! Ez al da izango Herri Kantuen Euskal Apaiztegia? Ez ninduke harrituko, elizetan modan paratu duten karaokea sustatzeko kanpaina-edo. Ama, ama, hamaika kantatzeko dira gero! Amen.

Dena dela, Herri Kantuen Euskal Epaitegia egon badago, diot nik. Zeinek bestela epaitu txapelaren bila ari diren bertsolarien lana? Epaitzea, berez, txarra zertan izan ez den seinale. Are gehiago, ganorabidea helburu izanda. Ez, ez da harritzekoa Estrasburgotikoak estresa eraman izana aurretik defizitez sobera zeudenei. Horra, ez da berdin han behean kontu kontari izan edo hemen kantu kantari ibili. Hemengo oholtzatik ganorazko gauza gehiago entzuten dira hango epaimahaitik baino. Auskalo zer egur motak egin duen hango mahaia, sitsak transgenikoak ditu eta! Harira, demontre! Gaur Atapuercako Estatutuaz gura dut idatzi, arkeologoen artean aldizkako ikusmira sortzen duen pergaminoaz, zebra muskuiluek hartuta duten horretaz idatzi ere. Kontua da? Ipuina? Planta? Irregulartasunak seguru! Ustekoak... Baina, sentitzen dut, amaitu zait papera. Hurrengo batean izango da. Formolean bego!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo