Joxean Agirre | Idazlea
«Gizonaren papera kolokan gelditu zaigun inpresioa dugu gure belaunaldiko askok»
Joxean Agirre Azpeitian jaio zen 1949an, baina aspaldian Zarautzen bizi da. Parisen Soziologia eta Leioan Kazetaritza ikasi ondoren, «Egin» eta GARA egunkarietan aritu da lanean, baita «Bertsolari» aldizkariaren zuzendari gisa ere. Hainbat biografia eta nobela argitaratu ditu: «Zwei Frauen», «La lutte finale», «Romain zen bere izena»... Orain, «Adiskide bat nuen» (Elkar) aurkeztu berri du.
Ane ARRUTI | ZARAUTZ
«Adiskide bat nuen» nobelan bere belaunaldiari -«69ko maiatzean 19-20 urte zituzten horiei»- omenalditxo bat egin nahi izan die Joxean Agirrek. Politikaz eta sexuaz mintzo da, klandestinitateaz, garai hartan obsesio zituzten gaiez, betiere fikziotik eta gaur egungo ikuspegitik.
Politika eta sexua, bi ardatz horiek ditu nobelak.
Garbi neukan bi obsesio horien inguruan egin behar nuela, gure belaunaldiaren marka izan baitira. Batetik, politika. Belaunaldi bakoitzak dauka gertakari bat; 68ko maiatza, Burgosko epaiketa izan daiteke, Francoren heriotza geroago... Garai hartan 19-20 urte zituen jendea da gure belaunaldia. Jende horrek gauak pasatzen zituen politikaz hitz egiten; ezkerreko baldin baziren eta espainolistak, pasatzen zituen exegesiak egiten, Marx eta Trotskiren esaldi bakoitza hartuta. Euskal abertzaleen artean ekintzak zeukan lehentasuna eta prestigioa; teoria ere bazen, baina lehentasuna ekintzak zuen. Politika eta sexua, ematen du gaur ere obsesio horiek badaudela, baina ez da hala. Diktaduraren obsesioa zen errepresio politiko eta sexuala, eta, guretzat, alderantziz. Erdi Aroan teologoak ibiltzen ziren bezala ea aingeruek sexurik bazuten edo ez zuten, gu ibiltzen ginen proletargoaren diktadura, Marxek edo Leninek esaten zuen esaldi hori, hala ulertu behar zen edo ez dakit nola, exegesi konplikatu bat zen, pixka bat paroxismoraino iristen zena, ezkerreko alderdietan. Beste ezaugarri bat izan liteke ironia. Xabier Mendigurenek txio batean esan zuen hasi eta buka irribarrea ezabatu gabe irakurtzen den testua dela, eta deitu nion esateko nahikoa egokia iruditzen zitzaidala definizio hori. Ez zaidalako niri gustatzen literatura solemneegia edo arranditsua edo handinahia. Hemen narratzaile bat dago eta presentzia izugarria dauka, ia-ia Garibaldik adina. Beti zerbait kontatzen ari da modu oso hurbilean, kafetegi batean irakurlearekin balego bezala. Suposatzen da irakurlea ere umore onekoa dela, eta irekia, aurreiritzi handi gabekoa.
Politikaz hitz egiteko, klandestinitatea aukeratu duzu, zergatik?
Klandestinitatea berez da terreno oso abonatua edo egokia literatura egiteko. Ez bakarrik arriskua eta abentura daukalako. Suplantazioak, ordezkapenak... Nobelan hori eramaten dut muturreraino. Garbi utzi nahi dut ez dela biografia bat. Klandestinitateari buruzko fabulazio bat da. Zergatik fabulazioa? Nobela errealista saiatzen da errealitatea bere horretan ispilu batean islatzen. Arteak, oro har, eta literaturak ez du hori egiten. Hartzen du oinarrian errealitatea baina transformatu, antzaldatu, bueltak eman egiten dizkio. Errealitate berri bat eraikitzen du, fikzioarena. Eta jende askok ez du bereizten bat errealitatea dela eta bestea ere bai. Fikzioaren errealitateak batzuetan indar gehiago hartzen du. Zer den artea eta zer da errealitatea? Adibide bat jarriko dizut. Inazio Tolosak duela urte asko emakume jubilatuen antzerki talde bat eramaten zuen Zumaian, ni han bizi nintzenean. Testu bat egin nien, komedia bat, eta entsegu batera joan nintzen. Artearen Komedia ikastetik etorri berria zen Tolosa, asko zekien. Eszena batean, emakume batek gela bat garbitu behar zuen erratzarekin. Tolok esaten zion ez zela erratza horrela mugitu behar, beste modu batean egin behar zuela. Eta emakumeak erantzun, «hik erakutsiko didak niri erratza nola mugitu behar den? 30 urte neskame Parisen egon nauk-eta!». Nobela errealistak erratza emakume horrek bezala mugitzen du, baina arteak beste modu batean.
Gu Parisera 69an joan ginen eta ezagutu genuen jende bat, hango diaspora edo erbestean zegoen jendea. Batzuk EAJkoak ziren, gerra garaikoak; beste batzuk, erakunde ezberdinetakoak; baina, hori bai, gehienak ETAkoak ziren. Geroztik harriduraz gogoratzen dudana da ze umorerekin kontatzen zituzten beren ekintzak, balentriak... Entzun genituen bahiketa baten istorioak, pelikula komiko bat egiteko modukoak: tipoak ihes egin ziela, berriro harrapatu zutela... Francoren garaia zen, poliziak ez zituen erabat kontrolatzen, beste giro bat zegoen. Badakit giro hori erabat desagertuko zela trantsizioaren ondoren. Baina bazegoen gauzak kontatzeko modu bat oso literarioa zena, puztu egiten zituzten gauzak, erdia gezurra, erdia egia... estilo hori. Estilo hori literaturan txekiarrek asko erabiltzen dute, esate baterako. Buhomil Hrabal berak, adibidez. Esajerazio puntu hori gauza tragikoak kontatzeko.
Bi obsesio aipatu dituzu; sexuaz, zer esan?
Bigarren istorioa parodia bat da, bikote harremanei buruzko parodia bat. Hasten da sexu entrenatzaile baten istorioarekin. Nire betiko kezka edo da... aurreko nobeletan ere agertzen da. Emakumeentzat agian ez da halako aldaketa gogorra izan, baina emakumearen integrazio laborala, dibortzioak, abortua... Hainbeste mugitu da egoera, gizonaren rolak birdefinitzea ekarri duela. Gure belaunaldiko askok daukagu inpresioa gizonaren papera pixka bat kolokan gelditu zaigula. Klasikoki gizona beti definitzen zen lanerako, konkistatzeko eta gerrarako. Emakumeak lana egiten badu, konkistatzen badu gizonak hainbeste eta ez dakit zer, gizajo moduan gelditzen da gizona. Horrek ere joko handia ematen dit. Narratzailea jartzen dut egoera horretan, ez dakiela gizontasuna non dagoen, eta hor mugitzen dut.
Hirugarren istorio bat ere badago, narratzaileak neska gazte batekiko duen obsesioaz.
Neska gaztearena txiste bat bezala da niretzat. Narratzailea kazetari batekin gelditzen da kafetegi batean. Neska oso guapa bat azaltzen zaio, uste du kazetaria izango dela eta neskak zerbait hartzera etxera gonbidatzen du. Han ohartzen da konfusio bat izan dela, ez dakigu prostituta den ala ez... Baina inpaktu horrekin gelditzen da, gizon edadetu bati egin dakiokeen inpakturik handiena. Hirugarren istorio horretan, amets oso politak dira; ez dira neska horrekin ametsak, baizik eta, gauza xelebre batzuk, jokoa ematen du. Zertarako? Narratzailea etengabe dagoelako kezka batekin, noiz erretiratu behar duen merkatu erotikotik. Neska honekin hamar minutu egiten ditu baina... Noiz eman amore, noiz atera merkatutik, gai horren inguruan egin dut istorio hau. Merkatu erotikoaren gaia emakumeena ere bada. Denok nahi dugu maitatua izatea, baina, aldi berean, libre. Baina muga non jartzen da? Maitasuna kontraesan bat da.
Esan daiteke pixka bat lekuz kanpo kokatzen dituzula pertsonaiak, utopia horiek amesten zituzten garaiak atzean gelditu zaizkie eta euren tokia topatu nahian dabiltza.
Bai... Borroka horretatik kanpo daudela? Bai, gaurko ikuspegitik ikusita dago. Nobela errealista batean, testuinguru guztiak sartu behar izaten dira. Baina, estilo parodiko honetan, ez da beharrik. Narratzailearen eguneroko bizitza agertzen da, baina emaztearekin dituen harremanetan. Alabarena agertzen da, baina bidaia batean. Garibaldi eta narratzailea oso lagunak ziren, baina bat marxista bihurtzen da, bestea gelditzen da literaturarekin; poeta izan nahi zuen. Bueltatzen dira urte asko pasa ondoren Triesten elkartzera. Bestalde, beste istorio bat ere sartzen dut. Bigarren Mundu Gerra bukatu eta Italia iparraldeko Monfalcone herriko ontzioletako 2.500 langilek erabakitzen dute familiak hartu eta Jugoslaviara joatea, han sozialismoa eraikitzera. Handik hiru lau urtera zisma etortzen da; Titok mozten du Stalinekin, eta hauek erabakitzen dute Stalinekin jarraitzea; ondorioz, Titok gulag batean sartzen ditu. Eta pentsatzen duzu, jo, ze arraroa mugimendu honen patua, pasatzen da heroi izatetik traidore izatera, historiatik kanpo, bazterrera. Garbi dago euskal mugimenduarekin ez duela zer ikusirik baina badago mugimendu hauetan guztietan, halako fede bat, atxikimendu bat zure kausari, ederra dena. Lekuz kanpo, historiatik kanpo gelditzen direnek badute zerbait ederra.
Orain erretiroa hartuta zaudela, denbora gehiago eskaintzen al diozu idazteari?
Esaten da idazle ona izateko bost ordu irakurri eta bi idatzi behar direla. Nik denbora berdina jarraitzen dut idazten, baina irakurtzen askoz gehiago. Eta ez nuke bukatu nahi egungo euskal literaturaren egoera aipatu gabe. Niretzat oso albiste gogorra da, adibidez, Alberdania bezalako argitaletxe bat itxi izana, eta uste dut ez duela behar besteko sona eduki.
«Diktaduraren obsesioa zen errepresio politiko eta sexuala, eta, guretzat, alderantziz»
«Klandestinitatea berez da terreno oso abonatua edo egokia literatura egiteko. Garbi utzi nahi dut ez dela biografia bat»
«Gizona lanerako, konkistatzeko eta gerrarako definitzen zen beti klasikoki. Emakumeak lana egiten badu, konkistatzen badu gizonak hainbeste eta ez dakit zer, gizajo moduan gelditzen da gizona»