Lyongo espetxean dauden euskal presoen egoera salatu dute
Urko Labaka eta Xabier Aranburu euskal presoek Lyongo espetxean bizi duten egoera salatu asmoz, hainbat protesta ekimen egin ziren atzo. Ekimenotan hiru pertsona atxilotu zituzten, nahiz eta ordu gutxiren buruan hirurak askatu.
GARA | BAIONA
Pasa den urriaren 10ean, Urko Labaka eta Xabier Aranburu euskal preso politikoek Lyongo espetxean lan egiten duen funtzionario baten erasoa pairatu zuten. Era berean, debekatua dute kartzelako ekintzetan parte hartzea. Egoera hori salatu asmoz, hainbat protesta ekimen egin ziren atzo.
Protesta hotsak Lyongo espetxeraino iritsi ziren. Hain zuzen ere, espetxearen atarian hiru euskal herritar atxilotu zituzten proteston ondorioz. Polizia frantsesak aditzera eman zuenez, Julen Lasarte, Bingen Arrizabalaga eta Jose Manuel Segadesaras lirateke atxilotuak. Hala ere, ordu batzuen buruan aske utzi zituzten hirurak.
Gutuna Taubirari
Baionan ere elkarretaratzea egin zuten atzo Labakak eta Aranburuk bizi duten egoeraren harira. Dozenaka lagun bildu ziren bertan, eta, azaldu zutenez, presoek behin eta berriz espetxeko zuzendariari hitzordua eskatzen badiote ere, honek ez die erantzunik ematen. Hori dela eta, Aranburuk eta Labakak desobedientzia zibileko ekimen bat abiatu zutela azaldu zuten, baita funtzionarioaren erasoa ekimen horren ondorio izan zela argitu ere «Funtzionarioek bortizki erantzun diote desobedientziazko ekimenari, bi presoak bortizki kolpatuz», gaineratu zuten.
Gertakariok «onartezintzat» jo eta irmoki salatu zituzten Baionan bildutakoek. Egoeraren erantzuleetako bat Estatu frantseseko Justizia ministro den Christiane Taubira dela adierazi zuten, eta, horregatik, eskutitz bat helarazi zioten. Gutunean, presoek bizi duten egoeraren inguruko azalpenak ematen dira eta Taubirari auzian duen erantzukizuna hartzeko eskatzen zaio, baita euskal prozesuak bizi duen testuinguruari erreparatu eta behar bezala erantzuteko ere.
Audientzia Nazionalak hala erabakita, aske geratu zen atzo Iker Mendizabal bilbotarra. Astero epaitegira sinatzera joan beharko du eta ezingo da Estatu espainiarretik irten.