Espetxean 30 urte betetzear den Georges Ibrahimen askatasuna exijitu dute
Nelson Mandelak berak baino urte gehiago egin ditu kartzelan Georges Ibrahim Abdallah preso libanoarrak, baina frantses Gobernuak ez du askatu nahi, Israelen eta AEBen presioaren eraginez, nahiz eta 1999tik behar zuen kalean. Ehunka lagunek exijitu dute bere askatasuna.
GARA | LANNEMEZAN
Ehunka lagun elkartu ziren atzo Lannemezango espetxearen aurrean Georges Ibrahim Abdallah libanoar preso politikoaren askatasuna exijitzeko. Dozenaka elkartek bat egin zuten deialdiarekin, libanoarrak dagoeneko 29 urte bete baititu kartzelan (1984an atxilotu zuten, Lyonen, Charles Robert Ray diplomazialari estatubatuarra eta Yacov Barsimantov israeldarra hil izana leporatuta). Jada 30. kartzela urteari eman dio hasiera libanoarrak, nahiz eta frantses legediaren arabera 1999an aske geratu behar zuen.
Euskal preso politikoen borrokarekin behin baino gehiagotan bat egin izan duen libanoarra askatzea «zaila» suertatzen zaie frantses Estatuko agintariei, PSkoei zein eskuineko UMPkoei, Isabelle Gremet Ezkerreko Fronteko kideak kazetariei atzo adierazi zienez: «1999an askatu behar zuten presoa kartzelan daukate oraindik. Onartezina da. Valls Barne ministroak Georges Ibrahim Libanora deportatzeko agindua sinatu du». FARL Libanoko Erakunde Armatu Iraultzaileko buru ohiari Parisen 1982an AEBetako eta Israelgo bi diplomazialari hil izana leporatu zioten.
Dagoeneko 62 urte dituen presoari zortzi aldiz ukatu diote askatasuna frantses agintariek, nahiz eta «Libanoko Gobernuak ongietorria egin nahi dion eta bera aske uzteko baldintza guztiak betetzen dituen», Alain Pojolat atzoko mobilizazioa antolatu zuen elkarteko eledunak adierazi zuenez. Erantsi zuen AEBen eta Israelen presioaren eraginez dagoela oraindik espetxean. «Ekitaldi honen bitartez gure babesa eskaini nahi diogu, berarentzat oso garrantzitsua da-eta. Bakarrik ez dagoela jakinarazi nahi diogu».
«Onartezina da»
Frantses Estatuko zenbait parlamentarik gutun irekia igorri diote François Hollande presidenteari, «kartzelan denbora gehien daraman Europako preso politikoa, eta agian mundu osokoa», aske utz dezan. Eskutitz horretan gogorarazten dute Ibrahim 1985ean ia askatu egin zutela, frantses Estatuko herritar bat bahituta zegoela-eta, agintariak libanoarra kalean uzteko prest baitzeuden garai hartan. Baina geroztik mendekua besterik ez du ezagutu frantses Estatuan. Alderdi Komunistak salatu du Zuzenbide Estatuaren arauak bortxatu egin direla Georges Ibrahim Abdallah presoaren kasuan.
Frantses Estatuko zerbitzu sekretuek 2007an idatzi zuten libanoarra sionismoaren aurkako borrokan oso garrantzitsua izan dela eta bera askatzen dutenean Libanon sekulako ospakizunak izan daitezkeela.
Georges Ibrahimi babesa adierazteko 400 lagun bildu ziren Lyongo espetxearen atarian. Euskal presoen aldeko oihuak ere entzun ziren. Oihuei kartzela barrutik erantzun zieten presoek, une hunkigarriak sortuz.