GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lou Reed: soil-soilki, rock sinplearen poeta totala

Lou Reed-en heriotzarekin, rock and roll musikan aztarna sakonena utzi duten aitzindarietako batek utzi gaitu. Iragan mendeko 60ko hamarkadako The Velvet Underground taldeko sortzaileetako bat eta abeslari izan zenak bazterreko errealitateak, underground-eko historiak lehen lerrora ekarri eta zentralitate osoa eman zien. Batere arranditsua ez zen lirika sinplea erabiliz, ordura arte tabu ziren gaiak jorratu zituen, duintasuna eta poesia eskuzabal oparituz, rock musika eta abangoardia kulturalen arteko loturak estutuz. Musikaren historian inpaktu itzela izan duten abestiak utzi dizkigu, hala nola «Walk on the Wild Side» -trabestiez, prostitutu homosexualez ala aho-sexuaz natural kantatuz-, «Perfect Day» -heroinaren zorion narkotikoari eta amodioaren indar garraiotzaileari gorazarre, segur aski pop-aren historian gutxien onetsitako balada- ala «Sweet Jane» -gitarren piroteknia totala-.

Gitarra latz eta erasokorrekin melodia arinak tartekatzen zituen, gai korapilatsuak lagunarteko hizkerarekin, begiratu hotz eta aurpegi zarpailduaz, indar emozional ikaragarriaz. Ez zuen sekula arrakasta komertzialik lortu, baina rock musikan izan zuen eragina neurtzeko Brian Enoren hitzak argiak dira oso: «Asko jota, The Velvet Undergrounden lehen diskoko 30.000 ale salduko ziren, baina diskoa erosi zuten guztiek musika talde bat sortu zuten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo