GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Rebeka Ubera, Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak

Berrordainketarik ez! Osasuna guztiontzat!

«Osasun sistema publikoa, unibertsala, ekitatiboa eta kalitatezkoa» eslogan hutsa bihurtzerik ez dugu nahi. Edukiz bete beharko genuke. Eguneroko erabakiekin, langileen eta herritarren parte hartzearekin eraikiz

Berrordainketa bat bera ere ez! Ez botiken berrordainketa bezala ezagutzen duguna (16/2012 Dekretuaren bidez aplikatzen dena) eta ez ospitaletako farmazietan helarazten diren sendagaiei ezarriko zaien kopagoa, irailaren 10ean, Espainiako Osasun eta Farmazia Sistemaren Zerbitzuen Oinarrizko Sailaren Zuzendaritzak onartutako aginduaren bidez ezarri nahi izan dena.

Beharrezkoa da gure Osasun Sistema Publikoaren unibertsaltasuna eta ekitatea defendatzea, pertsona guztiei eskubidez dagozkien Osasun babesa eta arreta defendatzeko eta eskubide hori bermatua izan dadin sistema publikoa eraikitzeko.

Finean, ongizate estatu sozialaren eraikuntzan sakontzeko, eta dagoeneko egina dugun bide apurra ez desegiteko. Askotan, administrazio publikoko arduradun politikoen ahoetatik behin eta berriro entzun beharra izaten dugu «osasun sistema publiko, unibertsal, ekitatiboa eta kalitatezkoa» leloa. Baina dagoeneko, unibertsaltasuna ahultzen eta urratzen ari da; berdintasuna ere bai. Beraz, non geratzen da kalitatea?

Izan ere, egia da egunero toki desberdinetan hartzen ditugun erabakiekin euskal estatua eraiki edo/eta deseraiki egiten dugula. Hartzen dugun erabaki txiki bakoitzak eragin zuzena eta handia baitu gure eskubideetan, gure erabaki gaitasunetan, eskumenetan, gizarte eredu konkretu bat edo beste eraikitzeko noranzkoan. Eta osasun arloan, zein da gure eredua? Bakoitzak duen maila ekonomikoaren araberako osasun babes eta arreta izatea? Pertsona guztiak berdin artatuak izango diren babes publikoa eraikitzea?

Baita ere herri bat, nazio bat eta estatu bat eraikitzerako orduan. Eta askotan, era inkontziente batean, egiten dugu, baina egiten dugu. Momentu ho- netan, Urkulluren eta Darponen Gobernua hartzen ari den erabakiekin ere bai: Osakidetzako langileen lan baldintzen erabakiak aldebakartasunez hartzerako orduan, autokontzertazioei bidea irekitzerako orduan, botiken berrordainketa aplikatzerako orduan...

Eta ildo horretan, guk argi daukagu berrordainketarena ez dela murrizketa ekonomiko soil bat. Argi daukagu kutsu ideologiko sakoneko erreforma baten barruan sartzen dela, tantaz tanta planteatua, beste erreforma batzuen tartean (lan erreforma, tokiko administrazioen erreforma, Lomce...), baina sistema publikoaren izaeran eragiten duena. Guztiok argi daukagu azken berrordainketa honek bideragarritasun ekonomikoaren ikuspegitik ez duela inolako justifikaziorik. Justifikazioa nonbait bilatzekotan... Argi esan du Darpon jaunak, ospitaletako berrordainketa bezala ezagutzen du-gunak soilik 220.000 euroko aurrezpena ekarriko duela.

Beraz, Rajoyren eredua oso argia da: pertsona bakoitzak duen maila ekonomikoaren araberako babesa izatea, baina babes pribatua, noski. Poliki-poliki babes publikoa, sistema publikoa deseginez. Urteetako borrokaren bidez lortutako eskubideekin amaituz, krisiaren aitzakiapean. Ondorioz, guztion osasunarekin ere amaituz.

Baina zein da, EAEko Gobernuaren eredua? Darpon jauna eta bere gobernu kideak oso tinko agertu dira azken berrordainketa honen aurka, eta hala izango delakoan gaude. Inork ez du zalantzan jartzen berrordainketa honek bereziki katebegiko ahulenei eragiten diela. Baina, botiken berrordainketari dagokionez, lehenengo berrordainketari dagokionez, tinkotasun hori ez dugu ikusi. Akaso, aurrezten diren xoxak gehiago direlako eta irizpide ekonomikoak lehenesten dituelako Urkulluren gobernuak pertsonen aurretik? Rajoyren eredua konpartitzen duelako eta irizpide ekonomikoak, pertsonen eskubideen aurretik jartzen dituelako?

EAEko Gobernua prest agertu da 18.000 eurotik beherako errenta duten zenbait kolektiborentzat botiken berrordainketa (16/2012 Dekretuaren bidez aplikatzen dena) indargabetzeko. Baina egunak pasa ahala, konpentsazio funts horren izaera ahultzen ari da. Berriki jakin izan dugu jendartera ekarpenak egiteko irekia dagoen dekretu zirriborroak hainbat muga dituela: aurrekontuetako diru lerro itxi bati lotua egongo da, alegia, diru lerroa bukatzen denean akabo konpentsazioa, tramitazio korapilatsua herritarrei zailtasunak areagotuz funts horretarako sarbidean, herritarrek aurreratu egin beharko dute dirua...

Baina, bestalde, botiken berrordainketa indargabetzea posible dela erakusten du neurri horrek. Nahiz eta oso neurri par- tziala eta ahula izan. Eta batzuentzat posible bada, zergatik ez herritar guztiontzat? Horrela Osasun Sailak txanpon batzuk aurrezten dituelako?

Baina lehenengo etorri zitzaigun berrordainketan, badira beste eduki batzuk benetan kontuan izan beharrekoak, eta saiatu direnak estaltzen edo/eta ahalik eta modurik oharkabeenean pasatzen. Alde batetik, 425 botika kanpo geratu direla oinarrizko prestazioen zorrotik, eta gainera, kanpo geratu diren botika edo/eta prestazio horien prezioak igo egin direla. Eta bestetik, pertsonen egoera administratiboaren arabera, hau da, «irregularra» edo «erregularra» izatearen arabera, pertsonei ukatu edo/eta irizpide batzuen baitan baldintzatu egiten zaie osasunerako eskubidea. Pertsonen arteko mailaketa eginez.

«Osasun sistema publikoa, unibertsala, ekitatiboa eta kalitatezkoa» eslogan hutsa bihurtzerik ez dugu nahi. Edukiz bete beharko genuke. Eguneroko era- bakiekin, langileen eta herritarren parte hartzearekin eraikiz.

Bukatzeko, hausnarketa bat plazaratu nahiko genuke, arestian aipatutako kutsu ideologiko sakoneko erreforma horien guztien inguruan: zer egin behar dugu horren aurrean? Orain arte bezala jarraitu, irizpide ekonomikoen arabera, erreformak indarrean jartzen edo zenbait puntu ez betetzen? Edo, herri bezala behar den tamainako erantzuna emango diegu guztion artean, eragileekin, sindikatuekin elkarlanean estrategia bat definituz eta garatuz, bide propioa, gure herriaren bidea, eginez?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo