GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa femenino

Aimar Olaizola: «Atzerapenik ezean, irten beharra dago»

Goizuetako aurrelariak nabarmen egin omen du hobera aurreko asteburutik eta Ezkurdiaren aurkako partida izterrean babesgarri bat duela jokatuko du.

p047_f01_148x96.jpg

Jon ORMAZABAL

Badirudi, finalerdietaraino bederen, atzerapenik egongo ez dela ondo barneratuta daukatela pilotariek, eta Aimar Olaizolaren aste honetako partaidetzaren inguruan zalantzak sortu badira ere, goizuetarrak atzo argi utzi zuen astelehenean Tolosan egongo dela Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzeko. «Garbi dagoena da, jokatzen ez badut, 22-0 galdutzat eman eta etxera noala. Horregatik, garbi daukat lesioa areagotzeko arriskurik ez badago, nahiz eta minarekin izan nik jokatu egin beharko dudala», azaldu zuen.

Astelehenean ibili ezinda egon zela adierazi ostean, eta zenbait hedabidek atzokoa proba bat bezala salduta, aparteko ikusmina piztu zuen atzo Beotibarren izan zen material aukeraketak, nahiz eta pilotariak berak ukatu egin zuen ez jokatzeko aukera burutik pasatu izan zitzaionik.

Pilotalekuan Iñigo Simon, Asegarceko medikua, eta Bixente Artola, aspalditik Aimarren beraren masajista denaren presentziak besterik pentsatzera eraman zezaketen arren, «nik inongo momentutan ez dut esan gaur erabakiko nuenik. Garbi daukat atzerapenik ez dagoela eta jokatu egingo dut. Orain astelehenera arte aprobetxatuko dut hobetzen jarraitzeko», esan zuen.

«Garrantzitsuena da lehengo egunetik hobekuntza nabaria egin dudala, lehengo egunean ibiltzea ere kostatu egiten zitzaidan eta orain normal nago», azaldu zuen goizuetarrak astelehenerako pilotak aukeratu eta Ekaitz Saralegirekin entrenamendu bat burutu aurretik.

Ezkurdia, lasai

Bere lanak amaituta, bertatik bertara ikusi zuen astelehenean arerio izango duen Joseba Ezkurdiak lan saio hori, eta aurretik zuen inpresioa baieztatu ahal izan zuen anaia eta botilero dituen Mattin Ezkurdia alboan zuela. «Garbi neukan Aimarrek gauzak oso-oso gaizki izan behar zituela jokatzera ez irteteko. Banekien jokatuko zuela, halako ligaxka motzean 22-0 emaitza onartzea oso zaila da. Ziur nengoen jokatuko zuela, lasai egon naiz, ez diot buelta askorik eman horri, nire lana egiten saiatu naiz astean zehar -asteazkenean Jon Jaunarekin entrenatu zuen Beotibarren bertan- eta partidara ondo helduko naiz».

Ezbairik gabe, bera izango litzateke, Olaizola II.ak jokatuko ez balu, gehien irabaziko lukeena, finalerdietarako txartela ia-ia poltsikoan izango lukeelako. «Etorriko ez balitz alde ederra! 22-0arekin lanak ia eginda izango nituen. Baina halako partidak jokatzea ere polita da. Nire lehen urtea izanda, oso pozik nago hauen kontra jokatzen eta ahalik eta gehien ikasten. Momentua aprobetxatu beharra dago eta halako partidak jokatu», azaldu zuen goizuetarraren aurka, buruz buru, lehen aldiz jokatuko duen arbizuarrak. Binaka, aldiz, birritan jokatu dute elkarren aurka, abuztuan Gasteizen eta martxoan Eibarren, eta bietan Aimar nagusitu da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo