GARA > Idatzia > Ekonomia

Hitzarmena betetzeko exijitu diote TS-ko langileek zuzendaritzari

Pasa den ostegunean lana eta lanerako erabiltzen dituzten bitartekoak lantegitik ateratzen hasi zen TS-ko zuzendaritza. Horren aurrean, enpresa «heriotzara» eraman nahi dutela ohartarazi zuten langileek eta zuzendaritzari hitzarmena bete dezala exijitu zioten.

p031_f01.jpg

GARA |

Gogor kolpatu du krisiak Urolako bailara. Corrugadosen itxiera, Grumalek bizi duen egoera ezegonkorra, eta orain, Zestoako TS Fundiciones da, berriro ere, kinka larrian aurkitzen dena. Hala, agerraldia egin zuten atzo enpresako langileek, bizi duten egoeraren berri eman eta zuzendaritzari duela urtebete sinatu zuten akordioa betetzeko eskatzeko.

Egoeraren larritasunaren adibide bat jarri nahian, azken urteetan egindako kaleratzeen ondorioz 330 langile izatetik 145 langile izatera pasatu direla azaldu zuten. Alta, duela urtebete adostutako akordioa ere izan zuten hizpide. Ziur daude enpresako zuzendaritzak ez duela akordioa betetzeko «inongo asmorik», aitzitik, hitzarmena sinatu ostean «eraso» berriak pairatu dituztela azaldu zuten: «ikaragarrizko EEEa, langileenganako umilazioak, gestio eza eta enpresa ondoratze bidean jartzeko neurri ugari».

Egun bizi duten egoeraren zergatiaren oinarria zuzendaritzak berak sortu duen zorra eta gestio eskasa direla azpimarratu zuten. «Are gehiago, enpresa honi ez zaiola TSren etorkizuna interesatzen uste dugu», nabarmendu zuten. Zuzendaritzak hartu duen azken neurria lana eta lana egiteko erabiltzen dituzten bitartekoak beste enpresa batzuetara eramatea izan da. Akziodunek dituzten beste lantoki batzuetara eraman dituzte, baita TSko akziodunen parterik ez dutenetara ere. «Hau al da mahai gainean dugun etorkizuna?», egin zuten galdera. Egoera horretan, bi aldeen artean adostuta dagoen hitzarmen bat badela-eta, hura errespetatzeko exijitu zuten.

Erabakiak hartu beharrean

Enpresaren zuzendaritzak, bere aldetik, prentsa ohar bat kaleratu zuen. Bertan, «presazko erabakiak» hartzera behartua dagoela adierazi zuen eta erabaki hauek datorren egunetan gauzatuko direla iragarri zuen.

Datorren astean bideragarritasun plan bat onartuko dutela azaldu zuen, enpresa batzordeari aurkeztuko diona. Hala ere, egoera ilun baten berri eman zuen; 28 milioi euroko zorra daukatela azaldu zuen zuzendaritzak eta kurtso honetako faktura 20 milioikoa izatea espero dutela gaineratu zuen. Horregatik, egun duten egitura ez dela bideragarria adierazi zuten eta bideragarritasun plana martxan jarri ezean, enpresa ixtera kondenatua izango dela ohartarazi zuen.

murrizketak

Enpresako langileek ohartarazi zutenez, azken hiru urteetan izan diren kaleratzeen ondorioz, 330 langile izatetik 145 izatera pasa dira, eta hitzarmena sinatu ondotik ere, euren aurkako «erasoak» izan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo