GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iranekin akordioa lortuta, denek irabaziko lukete

Irango Kanpo ministroak eta 5+1 taldeak (AEB, Estatu frantsesa, Britainia Handia, Errusia, Txina eta Alemania) herenegun Genevan hasitako elkarrizketak itxaropen giroa piztu zuen atzo, Washingtonek Iranekiko gatazka gainditzeko «ahal den guztia» egiteko konpromisoa agertu zuenez gero, ondoren John Kerry Estatu idazkari estatubatuarrak giro hori pittin bat apaldu bazuen ere, akordioa lortzeko zenbait desadostasun gainditu beharra zegoela esan baitzuen. Akordioa garrantzi handikoa izango litzateke, eta gainera, bide bat zabalduko luke Ekialde Hurbileko agertoki politikoa aldatzeko. AEBentzat eta Iranentzat ez ezik, gainerako herrialdeentzat ere onuragarria izango litzateke, Israelgo belatzentzat izan ezik. Esanguratsua izan zen Benjamin Netanyahu aukera horren aurka agertu izana, bere sumindura erakutsiz, Genevan eztabaidatzen ari diren akordioa «oso akordio txarra» dela esanez. Sarritan irudi izan duena gogora ekarri zuen, Israel AEBen tresna izan beharrean, AEBak zirela Israelen tresna, alegia. Bestetik, ez da ahaztu behar Iran zigor gogorra jasaten ari dela beste hainbat herrialderi ukatu ez zaiona nahi izateagatik, potentzia nuklearra bihurtu, hain zuzen. Nolanahi ere, Teheranekin akordio bat lortzea Ekialde Hurbilak behar duen baretzerako ekarpen handia izango litzateke, baita alde guztiak irabazian ateratzeko bidea elkarrizketa delako beste erakusgarri bat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo