GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziaren aldeko Egun Berdea Durangon, abenduaren 6ko «jai inposatuan»

GARA |

«Nahi dugulako/beharrezkoa dugulako, guk ere BAI independentziari» lelopean, independentziaren aldeko Egun Berdea iragarri dute datorren abenduaren 6rako, Durangon, «gure herriari inposatzen zaion jaiegun espainiar baten aurrean».

Independentistak Sareak egin zuen atzo deialdia. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira Durangoko Azokaren inguruan, eta arratsaldean, ohiko mobilizazioa, Martxa Berdea, abiatuko da Landako gunetik. «2014an independentziaren haizeek indartsu joko dute Europan eta bolada independentista berri baten hastapenean egon gaitezke», nabarmendu zuten Independentistak Sareko partaideek. Esan zutenez, «eskoziar eta kataluniar herriek hausnarketa sakona egin dute beren etorkizunari buruz eta independentziaren aldeko indarrak metatzen ari dira», eta hein berean, «Euskal Herrian ere hausnarketa sakona egiteko garaia heldu da», gaineratu dute.

Euskal estatu independentea izateko nahia ez ezik, euskal herritarrek «beharra» ere badutela nabarmendu dute, «egungo «egoerari arretaz begiratuta». Wert espainiar ministroak indarrean jarriko duen Lomce aipatu zuten adibidetzat, «asimilazioa, zentralizazioa eta espainolizazioa» helburu dituelako.

Eraikitako hezkuntza sistemaren aurkako eraso bat dela uste dute, beste hainbat erasorekin batera, egoera aldatzeko beharra agerian jartzen duena: «babes soziala eta zerbitzu publikoak desegituratzea eta sare produktiboaren hondamena», langabezia, pobrezia, ustelkeria, inboluzio politikoa eta hizkuntzaren eta kulturaren aurkako etengabeko erasoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo