Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Memoriaren entziklopedia (II)
Anekdotak anekdota, Kisen «Hildakoen entziklopedia»-ri buruz zera dio Rigneyk, memoriaren inguruan arras zabaldurik dagoen pentsatzeko modu bat adierazten duela, hots, «jatorrizko oparotasuna, eta haren ostean etorri zen galera» delako pentsaera. Istorio horretan egile serbiarrak memoriaren liburutegi majikoa deskribatzen du; bertan aurki daitekeen «Hildakoen entziklopedia» liburua zabaltzen duena bere bizitzako une oro gogoratzeko gai da. Izan ere, istorioaren arabera ezer ez da betirako galtzen, iragana zen bezala berreskura daiteke zehaztasun osoz edozein unetan. Zentzu horretan, Kisek eskaintzen duen definizioaren arabera, memoria iraganean osaturik dago erabat (garai batean hor zegoen, bere oparotasunean) eta denborarekin zaindu eta bizirik mantendu beharreko zerbait da. Ildo horretan, ahalik eta esperientzia gehien ahalik eta denbora luzeenez mantentzeko gai denean funtzionatzen du ondoen memoriak. Praktikan, ordea, oroitzapenak uneoro desagertzen dira belaunalditik belaunaldira transmititzeko prozesuan: zuloak dituen ontzian ura pixkanaka galtzen den bezala, oroitzapenak bidean galduz doaz. «Oparotasun eta galera» ereduaren arabera, beraz, memoria, alde batetik, «biltegi» bat da, baina aldi berean ez da erabat perfektua desagertuz doalako.
«Oparotasun eta galera» ereduaren eragina Maurice Halbwachsen memoria kolektiboari buruzko lanean bertan aurki daiteke. Lan horretan Halbwaschek memoria «memoria bizi» (mémoire vécue) moduan aurkezten du, belaunalditik belaunaldira transmititua eta bizirik mantendu egiten dena. Baina memoria bizi hau desagertzeko zorian da etengabe.