GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-02
Donostiako Musika Hamabostaldia Tolosan eta Seguran izango da euren 750. urtean
Astebete baino ez da Donostiako Jazzaldia amaitu zela eta oraindik bizirik da swing erritmoaren oihartzuna. Baina bihartik hasita irailaren 3ra arte musika izanen da berriro kaleen jabe, ez hiriburuan bakarrik, harago ere bai. Tolosara eta Segurara joango da Musika Hamabostaldia, 750 urte direlako bi herriak sortu zirela. Lehenengoan, Esteban Elizondo organistaren eta Arantza Ezenarro sopranoaren kontzertuaz eta «Le basque» eta «Gaua hustutzen» ikuskizunez gozatzen ahalko da. Bigarrenean, Ainhoa Garmendia sopranoak eta Itziar Barredo piano-jotzaileak Mozarten eta Garbizuren obrak interpretatuko dituzte.

DONOSTIA

Bihar hasiko da Donostiako 67. Musika Hamabostaldia, ekitaldiz eta ospakizunez gizendua hasi ere. 10 ziklo, 112 ikuskizun eta 6 estreinaldi izanen dira hilabetean, baita omenaldi ugari ere. Wolfgang Amadeus Mozart, Juan Crisostomo Arriaga, Aita Donostia, EHUko Udako Ikastaroak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izanen dituzte gogoan edizio honetan. Ohi bezala, Hamabostaldia Gipuzkoako hiriburutik aterako da “Musika aitzaki” zikloaren bidez; aurtengoan Tolosara eta Segurara joanen da, 750. urteurrena dutelako biek.

Zikloa ostegun honetan hasiko da Gipuzkoako hiriburu izandakoan. Santa Clara elizan, 20.00etan, “Cuarteto Medieval de Urueña” taldeak aipatutako bi herrien sorreran hain garrantzitsua izan zen erregearen, Alfontso X.aren, kantak interpretatuko ditu. Hurrengo egunean, aldiz, herritarrak bete-betean murgilduko dira Hamabostaldian, ikuskizunez betetako eguna izanen baita ostirala. Aurrena, Esteban Elizondo organistaren eta Arantza Ezenarro sopranoaren kontzertua izanen da, 17.30ean San Frantzisko elizan. «Arantzak eta biok programa benetan berezia prestatu dugu. Tolosak ehun urtetan hiru organista eta konpositore handi izan ditu, oso garrantzitsuak nazioartean: Felipe Gorriti, Eduardo Mokoroa eta haren seme Ignacio Mokoroa. Toki gutxitan gertatu da hori. Azken urteotan hiru horien inguruan ikertzen aritu naiz, eta eurei eskainiko diegu kontzertua, Tolosako Organo Eskolako konpositoreei. Interpretatuko ditugun obretatik lauri saria eman zioten Parisen XIX. mendearen bukaeran, eta benetan zaila zen hori lortzea. Gertatu dugun ikuskizuna ez da nolanahikoa, beraz. Nik behintzat ez dut sekula ezagutu antzekorik Tolosan», azaldu zuen Elizondok.

Ez da Arantza Ezenarrok Hamabostaldian abestuko duen lehen aldia izanen. «Lehen ere izana naiz eta hagitz oroitzapen ona daukat. Hala ere, aurten inoiz baino kontentuago nago, konpositore tolosar handi horien obrak interpretatuko ditudalako. Gainera, Esteban eta biok orain urtebete baino gehiagotik ari gara lan zoragarri hau prestatzen, eta oso eroso eta gustura nago», esan zuen Gaztedi Musikalak erakundearen saria jaso duen artistak.

Ezenarroren ahotsaz eta Elizondoren organo doinuez belarriak gozatu ondotik, “Le basque” ikuskizunarekin begiak asetzeko beta izanen dute bertaratutakoek, inauguratu berria den Leidor antzokian, 19.30ean. Ilustrazio garaiko musika eta dantza nahasiko dira bertan. Elena Martinez de Murgiak eta Juan Vegak sortutako “Ensemble Diatessaron” eta Peio Otaño koreografoaren “Erregelak” dantza historiko lantegia izanen dira protagonista. «Sei musikarik eta hiru dantzarik arte barrokoan murgilaraziko dute ikuslea. Ikertzea asko interesatzen zaigu eta Versallesko gorteetako musika barrokoak eta hemengo musika tradizionalak duten erlazioaz jabetu gara. Bitxia iruditu arren, uste baino erlazio estuagoa daukate. Garai batean bezala, musika barrokoa jendearengana hel dadin gogor egin dugu lan. Agertokia apainduko dugu eta arropa liluragarriak erabili, musikaz gain ikuskizunak ere indarra izan dezan», azaldu zuen “Le basque” sortu duen Elena Martinez de Murgiak.

Plaza Zaharrean, Segurako dantza libreko lehiaketako garaileek ikusleak txundituko dituzte mugimendu arinekin. Baina eguneko azken gozagarria Et Incarnatus orkestraren Gaua hustutzen izanen da, besteren artean Antton Valverdek eta Itxaso Gonzalezek abestua. Kontzertu horretan ez da musika soilik izanen, ordea; Iñaki Beraetxe aktoreak Patziku Perurenaren testuak irakurriko ditu. «Orain hirurehun bat urte eraiki gabe gelditu zen Idiakez jauregiaren arrastoen gainean izanen da ikuskizuna, Oria ibaiaren ondoan, Nafarroako mugan. Oinarrizko giza grinak islatuko dira; sexua, zoriona eta maitasuna, adibidez», adierazi zuen Miguel Zeberiok.

Tolosarrek bezala, Segurakoek ere 750. urteurrena dute eta hainbat ekitaldi kultural antolatu dituzte horregatik. Etzi goizean Cuarteto Medieval de Urueña taldeak kontzertua emango du Purisima Concepcion komentuan. Arratsaldean, ostera, buruhandiak aterako dira kaleak alaitzera Ibon Koteronen alboka doinuak eta Ixiar Jauregiren eta Lara Mitxelenaren txalapartaren musika lagun dutela. Kalejira horren ondoren ailegatuko da ikusmin handiena sortu duen ikuskizuna:Ainhoa Garmendia donostiar gazteak Itziar Barredo piano-jotzailearekin emanen duen kontzertua.

Hondarribia, Mutriku, Lesaka eta Getaria ere bai

Musika Hamabostaldia Hondarribira iritsiko da abuztuaren 5ean, “Donosti Ereski Schola Gregorianista” taldearekin, eta 9an Mutrikun izanen da “Ensemble Durendal”-ekin. Hiru egun geroago, Lesakako Agiñako tontorreraino joanen da, Jorge Oteizaren eskulturaren ondoan Aita Donostiari omenaldia egitera. Getarian, aldiz, Vivaldiren obrei eskainitako kontzertua izanen da. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El futuro de Cuba se decide en la isla
Jendartea
Críticas a la actuación de los vigilantes de seguridad del metro en Algorta
Mundua
Israel prosigue con su agresión, en la que ha matado a un millar de libaneses
Kirolak
Se presentará un recurso ante el Tribunal Constitucional
Mundua
Fidel Castro delega sus cargos a causa de una operación quirúrgica
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss