GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-24
Hainbat herritako doinuek hartuko dituzte Getxoko kaleak irailaren 1ean
Munduko musikak izanen dira irailaren 1etik 4ra eginen duten Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren XXII. edizioko protagonista, oso herri ezberdinetan musika nola ikusten eta sentitzen duten erakutsiko baitute. Salif Keitak, Kepa Junkerak, Hedningarnak eta Enzo Avitabile i Bottarik emanen dituzte kontzertu nagusiak Areetako Geltokiko plazako karpan, baina beste zortzi taldek ere parte hartuko dute. Bestelako ekitaldiak ere izanen dira: Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bidezko merkataritza bultzatuko dute, jatorri ugaritako artisauen lanak ikusten ahalko dira eta beste kultura batzuetako jakiak dastatu.

BILBO

Irailaren 1etik 4ra bitartean jatorri askotako doinuekin belarriak gozatzeko aukera itzela izanen da Getxon, XXII. Folk Jaialdia eginen baitute. Ekitaldiz gizendutako lau egun izanen dira. Arratsaldeko zazpietatik aitzinera Erromoko Santa Eugenia plazako karpan izanen dira kontzertuak; bederatzi eta erdietan (irailaren 4an zortzietan) Areetako Geltokiko plazako karpan; eta hamaikak eta laurden aldera Erromoko Santa Eugenian berriro.

Kontzertu nagusiak Areetako Geltokiko plazan emanen dituzte. 1987an sortutako Hedningarna laukotearena izanen da lehena. Suediako talderik arrakastatsuena da, “Folk Under Paverka” (bertako hizkuntzan “folkaren eragina” esan nahi duena) musika korrontearen zutabeetako bat. Eurek sortutako antzinako musika tresna tradizionalak erabiltzen dituzte, eta doinu tradizionalak eta erritmo elektronikoak uztartu. Laukoteak sortutako musika berritzaileak mundu osoko jende asko erakarri du folkaren mundura, eta sari ugari eman diote hori aitortzeko: esate baterako, Grammy sarien Folk Diskorik Onenaren atalean izendatu zuten.

Hurrengo egunean, irailaren 2an, berriz, Salif Keita Maliko musikari ospetsuaren txanda izanen da. Keita mundu osoan ezagutzen dute, afropop estiloaren sustatzaileetako bat delako. Ahotsaren kalitate ezin hobea eta zuzenean ematen dituen kontzertu ikusgarriak ditu ezaugarri nagusi eskarmentu handiko artista horrek. Musika askotarikoa eta aberatsa sortzen du; horren adierazgarri da Afrikako erritmo tradizionalak eta rock, soul eta funk doinuak hain modu orekatuan elkartu izana. Iaz kaleratu zuen azken lana Maliko Bamakon: “M’Bemba”, amodioa, doinu alaiak eta erritmo dantzagarriak ardatz dituena.

Irailaren 3an, Enzo Avitabile musikari italiarrak emanen du kontzertua, Bottari familiako perkusio-jotzaileekin batera. Avitabilek Napoliko Campaniako doinu tradizionalak berreskuratu eta Mediterraneoko beste hainbat erritmorekin uztartu ditu musika berria sortzeko asmoz. Azken urteotan, Portico herriko danbolin-jotzaile ospetsuekin jardun du munduko hainbat agertokitan. Bottariek, berriz, antzinako erritmoak interpretatzen dituzte. Getxoko emanaldian, danborrak, hodiak, igitaiak eta bestelako tresna batzuk erabiliz, oinarri erritmiko obsesiboak sortuko dituzte Enzo Avitabileren ahots sendoari indarra emateko.

Bizkaiko herri horretako festari ezin hobeki emanen diote amaiera, Kepa Junkera akordeoilari ospetsuak azken lana aurkeztuko baitu, “Hiri” izenekoa. Ez da musika izanen, ordea, jaialdiko protagonista bakarra, hainbat jarduera osagarri antolatu baitute. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bidezko merkataritza bultzatzeko asmoz, Bidezko Merkatua prestatu dute GKE batzuek. Jatorri ugaritako artisauek egindako lanak ere izanen dira, Koan Elkartearen Munduaren Merkatuan, eta beste kultura batzuetako jaki eta edariak dastatzeko aukera ere izanen dute bisitariek, Euskadiko Munduko Medikuak erakundearen Munduko Terrazan. Kaleko banden desfileak eta haurrentzako saio bereziak ere izanen dira Getxoko folk musikaren bestan.



Kepa Junkerak «Hiri» disko berria aurkeztuko du
GARA

BILBO

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren azken egunean, irailaren 4an, Kepa Junkera akordeoilariak azken lana emanen du ezagutzera: “Hiri”. «Ohore handia» da artista bilbotarrarentzat bertan jo ahal izatea, eta bestaren aurkezpen ekitaldian eskerrak eman zizkien antolatzaileei, jaialdian «ikasteko aukera» emateagatik. Ez zuen diskoari buruzko xehetasunik eman, baina kolaborazio eta sorpresa asko dituela aitortu zuen, baita «zerbait berria» dakarrela ere.

Istorio eta sentsazio zirraragarriz betea dago “Hiri”, eta musikari bizkaitarrak giro etniko garaikideak sortzeko duen gaitasun harrigarriaren froga da. Erritmo ugari nahasi du, hizkera berriak sustatzeko eta kulturen arteko topagune izateko.

Tradizioaren iturrietatik edanez ekin zion Kepa Junkerak ibilbide profesionalari: aitonak panderoa jotzen irakatsi zion eta amak dantza tradizionala. Espazio berriak sortzeko grinari esker plazaratu zuen, ordea, “Kepa Zabaleta eta Motriku” (1987) lehendabiziko lana, eta ordutik horretan dihardu, etengabe eraberritzen.

80ko hamarraldian Oskorri taldearekin lanean hasi zen, gero jazz eta folk-rock doinuak landu zituen, John Korkpatrikcekin eta Riccardo Tesirekin hirukotea osatu zuen, Julio Pereirarekin ere aritu zen, “Bilbao Hora 00:00” (1998) eta “Maren” (2001) diskoak kaleratu zituen... Hainbat proiektu gauzatu du Kepa Junkerak, eta “Hiri” da horietako azkena. Hilabete honetan Zarautzen, Ondarroan eta Leongo Camponarayan eman ditu kontzertuak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
«Los gobiernos más ricos afrontan el sida según sus intereses geopolíticos»
Jendartea
Semaf ve imprudente hablar sólo de un error humano en el siniestro del tren
Euskal Herria
El edil de Laudio se exculpa y cuestiona a los testigos
Ekonomia
Hildako bat eta zauritu bat Azpeitian izandako istripuan
Mundua
La gestión de la guerra hace tambalearse al equipo de Olmert
Kultura
Hainbat herritako doinuek hartuko dituzte Getxoko kaleak irailaren 1ean
Kirolak
Suspenden cautelarmente la decisión del CAT
Euskal Herria
Etxerat acusa a Madrid y París de mantener una «política criminal»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss