GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-14
Liburu aurrerapena
Ragga-ragga dator gaua
Paddy Rekalde idazlearen bigarren eleberria jarriko du plazan Susa argitaletxeak datorren ostegunean, urriaren 19an. Egile bizkaitarraren liburu berri honek boxeolari ohi bat du protagonista nagusi, Joxan Uriarte izenekoa. Coruñatik Bilbora itzuli da Joxan Uriarte bere aitaren hiletan presente egoteko asmoz. Bide batez, gizonak aspaldiko kontu ilun batzuk argitzeko baliatuko ditu pare bat egun hiri horretan.

ESTANKO baten aurrean jesarrita, Anjelen aita ikusi du, beste agure batekin.

Zelan, Tomas?

Aspaldikoa, Joxan ­zutik jartzen saiatu da.

Lasai, hortxe jesarrita ondo zaude.

Tomasek berriro egokitu du bere gorputz zaharra bankuan.

Ikusi diat aitaren eskela, pena handiz ikusi ere. Hik ondo dakik zuen aita eta biok lagun handiak ginela, tailerretan elkarren ondoan beharrean hasi ginenetik. Jubilazioak, edo zahartzaroak, deitu egiok nahi bezala, nor bere etxe aurrean zuhaitz ihartu baten moduan jarri bagaitu ere...

Sasoiko ikusten zaitut, Tomas.

Hi, gezurrik ez ­barre xume batek ihes egin dio ezpain artetik­. Zuhaitz ihartuak gaituk dagoeneko, herioak noiz ebaki eta lurrera bota zain. Baina, tira, orain bezala lagun batekin edo bestearekin berbetan gauden bitartean, irribarre egingo diagu, ez duk uste?

Bizitzari eutsi behar.

Boxeoan jarraitzen duk? ­nikian irakurri dio Gimnasio Neira.

Borrokak utziak ditut, baina jarraitzen dut boxeoaren inguruan, gimnasio batean mutil gazteak entrenatzen eta holakoetan.

Boxeorako egurra heukan... Eta estiloa... eta indarra, baina...

Baina bota egin ninduten.

Ondo akordatzen nauk iruzur hartaz... Bizitza, batzuetan, puta itzela duk.

Putakume batzuek bihurtzen dute puta.

Oraindik Agirre hori daukak gogoan...

Baiezko keinua egin dio buruaz, isilik. Eta ezker aldera begiratu du.

Taberna horretan ­kaleaz bestaldeko tabernari seinalatu dio­ hasi zinen boxeorako nire burua berotzen, horko leihotik itsasadarrera begira, akordatzen zara?

Zelan ez, orduan mutil koskortua baino ez hintzen, baina gorputz gihartsua igartzen zitzaian.

Orduan beste taberna bat zegoen, egurrezko barra, baldosa zaharrak eta itsasadarrera ematen zuen leiho bat. Hara begira jarri eta gabarra gaineko borrokez berba egiten zenidan, boxeolariak gabarra gainera eramaten zituzten txalupez... zubian, San Anton parean eta Martzaako molla honetan biltzen zen jendetzaz... Hura niretzat epikoa zen, nahiz eta gero epikotik ezer ez zeukala konturatu.

Epikotik ezertxo ere ez. Begira, bestela, bat edo bi izan ezik boxeolari guztiek zelan amaitu duten. Ehundaka kolpe hartuta, batzuk tontotuta, eta duintasunez bizitzeko diru barik.

Bomba ikusi dut lehen, kale honetan gora...

Bai, hor zabilek, azokako dendarien mandatuak hara eta hona eramaten, lau txakur txikiren truke... eta lau txakur txiki horiekin arratsaldero mozkortuta, taberna batetik bestera... eta gero bere ama zaharraren etxera batzuetan, eta besteetan kalean, edozein izkinatan botata... Begira zelakoa den epika, hutsaren hurrengoa.

Oraindik bada taberna horretan leiho hura?

Lehengo bera duk, baina goitik behera berriztatua, horrela moderno-modernoa, musika zoro batekin egun osoa, eta ez ni bezalako bezeroekin... Tira, gabarren gaineko istorio haiek ez zituan beste mundukoak. Nik uste diat La Casillako borrokaldietan hartu huela benetako kontzientzia.

Gure aitari ez zitzaion hura gustatzen...

Hire aitak futbolean nahi hinduen, edo eskupilotan, edo... ez zakiat, bestelako kirol batean, baina inondik inora ez boxeoan. Basapiztiena zela esaten zian, basapiztiena... eta, batzuetan, horrela, ahopetik, kanpotarren kontua.

Bata eta galtza zabal eta motz haiekin ikusi ninduen aurrenekoan lotsagarri nengoela bota zidan, ea kabaret batean edo antzeko zeozertan ibili behar nuen.

Barre egin dute hirurek, aitaren ateraldiagatik.

Eta hire ama? Akordatzen haiz zelan jartzen zen hire ama? Seme hau akabatu egingo didate, akabatu, esaten zian erdi negarrez... Baina, azkenean aitortu beharko diagu Agirre jauntxoak akabatze hartatik salbatu hinduela.

Joxanek zigarro bat isiotu duen aldi berean neska bi sartu dira tabernara.

Denok akabatuko gaituk ­jarraitu du Tomasek­ era batean zein bestean, lehenago edo geroago... Baina, hori bai, akabatze duin bat izan dadila, ez duk uste?

Bai ­erantzun dio Joxanek tabernako atea zelan ixten den begira.

Akabantzaren kontura Agirreren aurpegia etorri zaio gogora. Akabatzea. Akabatzea, inongo duintasunik gabe, basapiztia akabatuko lukeen moduan.

Nik Artxandan akabatu nahiko nikek ­diotso Tomasek­. Bazakiat barre egingo didatela, baina hantxe, Artxandako Kasinoaren inguruetan hil zituan gehien maite nituen lagunak, 37ko lubakietan, Bilbo defendatzeko borroka latzetan... Bazakiat urte larregi pasatu direla, ia inor ez dela harekin akordatzen, akabatzeko puntuan dagoen agure zoro baten berbak izan daitezkeela, baina, hi, hori sentitzen diat bihotzetik, barren-barrenetik... Hantxe, Kasinoaren hondarretan, gerra amaitu eta hamar-hamabost urte pasa ostean topatu zitiztean gorpu zatiak, gerriko puskatuak, bota txikituak...

Tomasek begietara eraman ditu atzamarrak. Nekea, bekarrak edo malkoak kentzeagatik izan ote den horren arrazoia jakin barik geratu da Joxan.

Barre egingo ditek, ez dela zentzuzkoa, baina berdin zaidak, horixe delako bihotzak eskatzen didana, hantxe errautsak botatzea.

Zuk esaiezu, hil ostean Artxandan Bilbon baino osasuntsuago egongo zarela, libratu egingo zarela botxoko kutsaduratik ­eskua oratu dio, hozten ari ei zitzaion odola berotu nahian bezala. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El abrumador respaldo a la mesa de diálogo desborda los discursos de los partidos
Euskal Herria
Batasuna tilda de «maniobra de despiste» las palabras de Rodríguez Zapatero
Euskal Herria
La Ertzaintza detiene en Gasteiz a dos jóvenes a los que imputa «kale borroka»
Ekonomia
Nobel para el banco de las mujeres pobres
Mundua
El Acuerdo de Saint Andrews sienta las bases para la reinstauración de las instituciones
Euskal Herria
El Estado español suspende otro examen sobre torturas de la ONU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss