GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-10-20
Xabier Izaga
Ukapena

Euskaldunok gerran gaude, Afganistanen okupazioko partehartzaile baikara. Gerra hartan parte hartzea erabaki ez genuen arren. Herrialde haren okupazioa arbuiatzen dugun arren. Nazka eginda gaude han preso hartutako lagunei egindako torturekin, Guantanamoko ikaragarrikeriekin, oraindik orain zitalkeria haiek legezko egin badituzte ere. Azken batean, demokrazia legea betetzea da, antza, eta demokraziaren kudeatzaileak legea urratzen harrapatzen dituztenean, lege hori «gizarte-errealitatera egokitu» eta tortura metodo demokratikoa izatea bezalako mirariak lortzen dira. Kontzeptuen eta, ondorioz, eta okerrago, giza balioen makurtze horren parte-hartzaile gara euskaldunok ofizialki, guk ezer erabaki gabe eta, kasu, torturaren biktima izanda ere.

Estatu espainola ­frantsesa ahaztu gabe­ ez dator bat Guantanamoko eskubide gabetze harekin. Izan ere, nahikoa du berearekin. Egin izan ditu lege aldaketak atxilotuak «modu egoki eta eraginkorragoan» galdekatzeko, baina ez tortura legeztatzeraino. Eta gauza jakina da torturatzen dutela, kartzeletan urte luzeetako bakartzea eta urruntzea aplikatzen dituztela, espetxe zigorrak betetakoan ere ez dituztela presoak askatzen... baina legearekin talka ez egiteko eta demokraziaren irudia ­eta hori da garrantzitsuena, ez ahaztu­ garbi mantentzeko beste bide bat aukeratu du: ukatzea.

San Petrik bezala, baina ez hiru, mila aldiz baizik. Ukatu eta, gainera, torturatuaren salaketa erruduntasun froga bihurtu. Nola sinistu ia urtebete dirauen epaiketako akusatu baten tortura testigantza «peritu» torturatzailearen ukapenaren gainetik? Nola egunkari bateko zuzendariari egunkari hori euskarazkoa ­eta, beraz, susmagarria­ izanda? Nola sinistu Lorea izeneko preso bati, hura ostikatu zuen kartzeleroak epaiketan, aste honetan, ezetz esan baitzuen? Eta nola sinistu Unai Romanori, haren aurpegiak ez baitzuen oihurik adierazten? Nor ausartuko da, espresionismoaren lotsarako, argazki hura lapurtzen? Zein lapur miresgarrik desagerraraziko ditu kartzeleroen, «perituen», gomazko demokraziaren jagoleen obra lizunak?

NBEko torturaren aurkako kontalariak errespetu txikia erakutsi du espainiar eta frantziar demokraziekin, «euskal preso politiko» hitzak iraina baitira, errealitatea izan arren.

Bai, euskaldunok ere torturaren biktima gara, geure burua inori gerra ez deklaratzeko eskubidearen jabe nahi izateagatik. -


Xabier Izaga - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Un debate a medio camino
Ekonomia
¿El mejor momento de la Historia?
Kirolak
«Por encima de todo he pretendido recuperar la tranquilidad necesaria»
Kirolak
Inicio de liguilla con el paso cambiado
Euskal Herria
El proceso marca el último debate sobre Nafarroa de esta legislatura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss