GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-10-20
Joxemari OLASAGASTI | Aizkolaria
«Orain ongi nago, eta besteak estu hartzeko gai ikusten dut neure burua»

Joxemari Olasagasti da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta igandeko finala irabazteko ere faborito nagusietako bat da. Finalean izango diren aizkolarien artean, Euskal Herriko txapelik gehien jantzi duen aizkolaria ere bera izango da. Igeldoko kirolaria, iazkoa errepikatzera plazaratuko da Tolosako zezen-plazara; txapela janztera, alegia.

­Igandean, txapelari eustera plazaratuko zara, ezta?

Hori da nire ilusioa, eta asmoa ere bai. Larretxearekin erakustaldi bat baino gehiago egin dut, eta oso ongi prestatuta dagoela ikusi dut; hark ere lan ona egingo du. Azurmendi ez dut aspaldian ikusi, baina oso ongi dabilela entzun dut, eta uste dut saioa ederra izango dela.

­Denen ustez, Larretxea eta zu zarete faboritoak. Zuk nola ikusten duzu?

Uste dut baietz, gu bion artean egongo dela txapela, baina Azurmendirekin ere kontuz ibili beharko da, ezusteren bat eman baitezake. Gero, niretzat pena handia da Nazabal hor ez izatea. Bera izango zen faborito nagusia, eta haren faltan, finalak zerbait galtzen du.

­Iaz Larretxea zen min hartuta, eta ez zen egon. Orduan ere hura han ez izatea penagarria zela esan zenuen.

Hori da, azkenean, kirolarion bizitza horrelakoa da, eta arrisku hauek beti izaten dira, ni ere geratuta bainago finalera joan ezinik. Lehenago ere badaukat, dena dela, txapela irabazita, baina bakarren bat falta bada, ez da gauza bera izaten. Berdin zait irabazi edo ez, baina ederrena onenak izatea da. Bestela, irabazten bada ere, gerora beti jendeak zalantzak egiten ditu falta dena egon izan balitz zer gertatuko ote zen, eta horrelakoak esanez. Bestela ere, jendeak onenak ikusi nahi izaten ditu, baina ezin denean ezin izaten da, eta orain Nazabali egokitu zaio geldirik egon behar izatea.

­Uda aldean beherakada bat izan zenuen, baina berriro ere etorri zara zure onera; ezta?

Bai, orain ongi nago. Apustua izan nuen udaberrian, eta gero udan erakustaldietarako aprobetxatu dut; saio asko izan ditut, gainera. Prestakuntza final honi begira egin dut. Beti ezin da puntan-puntan egon, bestela, pertsona erre egiten baita. Orain ongi nago, eta uste dut igandean Larretxea edo Azurmendi ongi estutzeko moduan nagoela.

­Zuek adinean aurrera zoazte, baina, urtea joan urtea etorri, faboritoak berak zarete. Etorkizunari begira, ez al da seinale txarra?

Bai, penagarria da. Guri ere batzuetan uzteko gogoa etortzen zaigu, baina atzetik ez dugu ikusten gora saltorik egingo duenik, eta aurrera jarraitzen dugu. Guk lan berak egiten orain lehen baino zortzi-hamar minutu gehiago behar izaten ditugu, baina, hala ere, puntan jarraitzen dugu. Egia esan, orain maila asko jaitsita dago.

­Behera begira jarrita, batzuek diote gero honelako finaletan lana gutxitu beharra izango dela. Zu ados al zaude horrekin?

Ez, nik uste dut enbor onak eramaten baldin badira, 40 minuturen azpiko lan hau errespetatu beharko dela Euskal Herriko Txapelketako finalean.

­Aurkezpenean nahiko kritiko eta haserre agertu zinen antolatzaileekin. Zergatik?

Horrela da, eta hori izan zen gustatu ez zitzaizkidan gauzak ikusi nituelako. Hasteko, egon behar zuten batzuk han ez zeuden. Gu joan ginen, baina beste batzuk ez, eta uste dut hori itsusia izan zela. Gero, enborrekin azkenaldian arazo asko izan dira. Aukeratzerako garaian aizkolariak han egoteko eskatzen dut nik. Gu gara protagonista, eta uste dut badela gurekin kontatzen hasteko garaia. Diruarena beste kontu bat da. Azkeneko urte hauetan sariak berdinak dira, eta bizitzak gora egin du. Hor puntan gabiltzan aizkolarioi, honelako final bat prestatzea 6.000 eurotik gora kostatzen zaigu, eta txapeldunak 3.000 euro jasotzen ditu; hortik beherakoek, gutxiago. Gainera, aizkolari bakoitzak zenbat kolpe ematen dituen kontatu behar da, baina horrek ez dauka garrantzirik. Kazetariak plazatik kanpora atera behar zaituztetela, baina nik hori aurrera egiteko bide okerra ikusten dut. Hemen, Euskal Herriko txapelketak eta herrialdeetakoak dira garrantzitsuenak; gainerako torneo horiek ongi daude, baina betegarriak besterik ez dira. Garbi dago txapelketa ofizialak aurrera atera behar badira, aizkolariak, federaziokoak, kazetariak; denen artean egin behar dugula lan, eta ez plazara joan eta pelikulak egiten hasi. Horrek ematen dit niri pena eta amorrua, uste baitut Euskal Herriko Txapelketako final bat gauza oso serioa dela.

­Iaz zuk irabazi zenuen, eta 40 minuturen bueltan amaitu zenituen lanak. Aurten ere txapela janzteko hor ibili beharko al da?

Enborrak normalak baldin badira, 38 eta 37 minuturen tartean ibili beharko dela iruditzen zait. Irabazlea, gauzak normal joanda, ez baitzait iruditzen hortik gora jango denik, baina hori beti enborren arabera izaten da.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Un debate a medio camino
Ekonomia
¿El mejor momento de la Historia?
Kirolak
«Por encima de todo he pretendido recuperar la tranquilidad necesaria»
Kirolak
Inicio de liguilla con el paso cambiado
Euskal Herria
El proceso marca el último debate sobre Nafarroa de esta legislatura
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss