GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-27
Jon Bollar, Oibar Egia, Igor Odriozola eta Mikel Galartza (*)
Denok gara ondarrutar!

Eskubide guztiak guztiontzat. Hori da azkenaldian entzuten ari garen leloa. Barra-barra. Politikari guztien ahotik. Baina komeni zaienerako. Izan ere, esana ez da izana. Euskaldunon hitzak ez du txakur txikirik balio. Egunez egun urratzen zaizkigu milaka euskalduni geure eskubideak. Horren aurrean, politikari ugari txin- tik esan barik geratzen den artean. Eta adibide esanguratsua azken hilabetean gertatu zaiguna. Ondarrutarroi gertatu zaiguna. Ondarrutarrok diogu, lehen lekeitiar izan ginen moduan oraingoan guztiok baikara ondarrutar. Guztiok sentitu beharko genuke dugun eskubide bat urratu digutela. Bortxaz lapurtu digutela.

Eskubideen sasi-zaintzaileek euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen aurka egin dute. Azken urteotan udalerri euskaldunenekin elkarlanean egindako ibilbide aberatsa errotik kendu nahi izan digute. Izan ere, jardunbide horretan aritu izan da Ondarroako Udala urte hauetan, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin duen arte Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakia. Eta zein da auzitegi arrotz hori, gure Udalak eta herritarrek askatasun osoz hartutako erabakiaren kontra egiteko? Nortzuk dira udalerrien autonomia hausteko? Zer dela-eta ezin gara elkartu euskara sustatzeko? Indarrak batzeak nori egiten ote dio kalte? Galdera asko. Agian, egungo euskararen legea primeran dagoela, aldatu beharrik ez dagoela aldarrikatzen dutenek erantzun beharrekoak.

Egia da gaur egun, euskarak egoera gutxituetan bizirik irauten duela, historia luzea duen zapalkuntzaren ondorioz desagertzeko prozesu luzea pairatu duelako, eta bistan da, oraindik zapalketak ez duela etenik. Eta argi izan behar dugu esku artera iritsi zaiguna, euskararen kontrako ebazpena dela. Euskaraz bizitzeko eta euskararen normalizazio prozesuaren aurkako sententzia dela. Euskararen normalizazioaren aldeko UEMAren ekinbidearen aurka egiten duela. Eta sententzia horrekin, Espainiak galarazi egiten duela euskaraz bizitzeko hartutako konpromiso politikoa.

Erabaki horrek euskaraz bizitzeko dugun eskubidea urratu egiten digu, eta nabarmen uzten du esparru honetan euskarak ez duela babes juridikorik. Sententzia honekin ­Lekeitioko Udala UEMAko kide izatea galarazi zuenak bezala­ Espainiako Estatuak agerian uzten du, berriro ere, euskara desagerrarazteko politika darabilela. Eta sententzia honen oinarrian dagoen hiz- kuntza politika biziki salatu nahi dugu, euskararen normalizazioaren aurka bete-betean egiten duelako.

Baina ondarrutarrok ez dugu nahi sententzia honen salaketa airean geratzea. Euskara berreskuratzeko eta bere funtzioetan normalizatzeko euskararen aldeko hizkuntz politika behar dela diogu. Beharrezkoa da normalizazioaren aldeko corpus juridiko egokia indarrean jartzea. Hizkuntzaren berreskurapenari trabarik jarriko ez dion corpusa. Euskal Herri osoan euskara berreskuratzeko politika beregaina, autonomoa, ahalbidetuko duen legeria. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak babes juridikorako tresnarik ez dugun bitartean, gaur egungo egoeraren onespenarekin, onespen berarekin, Euskal Herriko administrazioek euskararen aurkako politikak babesten dituzte.

Eta egoera honi aurre egiteko, batere mesederik ez du egiten, ustez babes juridikorako den Elebide bezalako ekimen iruzurtiak gizarteratzeak. Iniziatiba ho- nekin iruzur egiten dutela diogu, oinarrizko gabezia juridikoak ezkutatu, ardura politikoa saihestu, euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako egoera bedeinkatu eta, azken batean, babesik izango ez duen norbanakoaren bizkar uzten delako erantzun beharra. Noiz arte babestu nahi dituzte Euskal Herriko administrazioek euskararen kontrako edota euskara azpiratzen duten politika horiek?

Berriki Gasteizko Legebiltzarrean uko egin zaio, EAJ buru dela, euskararen egoerari buruz eztabaida emateari, eta ezezkoa eman zaio hizkuntza politika berri baten eskakizunari, euskara berreskuratzeko balioko duen ofizialtasun lege baten beharrizana gaitzetsiz.

Euskararentzat salbaziorik ez dago, baldin eta lehentasunezkoa izango den espazio geografiko propiorik ez bazaio ematen. Zertan da Eusko Legebiltzarrak emaniko Euskararen Legeak eskaintzen zuen udalerri euskaldunetan euskara hutsez funtzionatzeko aukeraren defentsa? Epaitegi Konstituzionalak artikulua baliogabetu egin zuen. Baina, orduan horren premia ikusi bazen ere, bakarrik Udalerri Euskaldunek jaso zuten asmoa eta praktikara eramatea onartu zuten. Zertan da hizkuntza politikan premia horren defentsa?

Orain, 25 urte geroago ere, EAJk ondo daki euskara azpiratzen duen politika babesten ari dela, euskararen aurka itzultzen dena. Eta EAJk ezin dio Euskal Herriko gizarteari ostrukarena egiteko eskatu, burua eta esfortzuak babes juridikorako omen den Elebide bezalako iruzurkeria baten azpian ezkutatzeko eskatuz. Hauteskundeetarako gezur eta iruzur errentagarriak izango ditu, ustez, horiek EAJk. Baina ez dira inolaz ere errentagarriak euskararentzat.

Lehen lerroko euskararen defentsa egiteari uko egiten dio, 1982an bezala, orain ere EAJk, makurtu egiten da sententzia honen aurrean, udaleko karguen balizko inhabilitazioa aitzakia hartuta. Euskal Herriaren eskubidea da euskara berreskuratzea, are gehiago, Euskal Herriak erantzukizun hori du munduaren aurrean, eta aukera hori da inhabilitatu nahi dutena, eta horri ezin zaio men egin, eraso horiei, herri bezala, aurre egin behar zaie.

Egoera hau salatuko dugu. Leku guztietan eta une guztietan. Baina ezin gara salaketa hutsean geratu. Aurrera egiteko garaia da.

Ipinitako traben gainetik igaro eta aurrera egingo dugu, horretarako tresnak erabiliz. Euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen digun egungo legeriaren gainetik, gurasoengandik jasotako hizkuntza berreskuratzen eta zabaltzen lagunduko dizkiguten tresnak. Eta horien artean hona hemen nahitaezkoa bilakatu zaigun tresna, emaitza onenak ematen ari dena: UEMA.

Ondarrutarrok UEMArekin eta bere helburuekin bat egiten eta egingo dugu: Bat egiten dugu euskararen erabilera soziala bermatu eta normalizatzeko, euskara hutsezko erabilera ziurtatzearekin. Bat egiten dugu euskara Euskal Herriaren be- rezko eta lehentasunezko hizkuntza izendatzearekin, eta horren araberako politikak praktikan jartzearekin. Bat egiten dugu udalerri euskaldunenetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bermeak jartzearekin. Bat egiten dugu udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur eremua osatzearekin. Eta jomuga horietarako, bat egiten dugu udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzearekin.

Izan ere, garaiz gaude. Elkarlanarekin posible da. Norbanakoen elebitasuna edota eleaniztasuna bermatuko duen euskal herri euskalduna eraikitzea posible da. Arrazoizko epe batean lur eremuak irabazten joango den Euskal Herri euskaldun elebakarra. Norbanakoen eleaniztasuna bermatuko duen Euskal Herria. Eta horretarako, euskararen normalizazioa ahalbidetuko duen esparru juridiko berri bat onartzea berebizikoa da. Indarrean dagoenaren hutsuneak beteko dituen esparrua. Baina daukagun indarrean sinetsi beharra daukagu. Eta lan sendoa egin. Egun gauden 52 udalerriez gain beste udalerri euskaldunen indarrak metatuz lan egin. Izan ere, azken epai honek adierazten digu zein den hartu beharreko norabidea. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen norabidea. UEMA osatzen dugun udalerriok hartutako norabidea. -

(*) UEMAko Zuzendaritza Batzordeko ezker abertzaleko kideak


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sanz cambia de estrategia y ofrece un pacto al PSN
Jendartea
La revisión de las normas subsidiarias de Bastida, a examen
Euskal Herria
EHNAren saltoki gidak, euskal naziotasuna egunerokoan kaleratzeko bide
Kirolak
El Athletic del «casi» y las mil caras
Kirolak
Soldado prorroga la etapa Ziganda
Mundua
La represión policial se cobra otras seis vidas en la revuelta de Oaxaca
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss