GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-27
Euskal Herriko sagarrondoak salgai Hendaiako Abadiako eremuan
Euskal Herriko sagar mota ezberdinak ezagutarazteko erakusketa antolatu du Hendaian Abadiako Eremuak abenduaren 9a arte. Otsailaren bukaera arte bertako sagarrondo mota ezberdinak erosteko aukera ere egongo da. Sagar mota gustukoena atzeman ahal izateko sagar mota ezberdinak dastatzeko eskaintzen dute.

Horiak, berdeak, gorriak, marroiak eta tarteko kolore guztietakoak; handiak, ertainak eta txikiak; biribilak edo zapalak; era guztietako sagarrak atzeman daitezke Euskal Herriko mota ezberdinen artean. Eta hori itxurari bakarrik erreparatuta, dastamenaren munduan sartuta horizonte askoz zabalagoa baitago dastamen-papilei sentipen ezberdinak eskaintzeko. Norberak bere etxean landatzeko anixa, udare-sagarra, koko zuria edota eztika sagarren artean aukeratzen ahal dira Hendaiako Landare Kontserbatorioan.

Euskal Herriko zein inguruko sagar mota ezberdinen ezagutarazteko Abadiako Eremuak sagar erakusketa bat antolatu du abenduaren 9a arte. 60 bat mota ezberdin ikus daitezke Landare Kontserbatorioaren Larretxean astelehenetik igandera, igande goizetan salbu. Bertan, sagar ezberdinak erosteko aukera ere eskaintzen dute, eta, nola ez, sagarrondoak erosteko parada ere izango dute bertaratzen direnek.

Orotara, 140 fruitu-arbola ezberdin daude landatuta Hendaiako baratzean. 80 bat sagarrondo klase, 30 bat gereziondo mota eta beste 30 bat mertxikondo eta aranondo ere badira Abadiako eremuan. Baina azken fruitu horien garaia ez denez, ezin dira mota ezberdinak dastatu. Landare Kontserbatorioak Abadiako eremuan duen hektarea bateko landa zelaian sagarrak eta gereziak daude bereziki. Eremu txikia izanik, salgai diren zuhaitzak ez dituzte bertan landatzen, horregatik, nahi den arbola bertan eskatu behar da eta gero bila joan. Iaz 100 bat pertsonak 300 fruta-arbola eskatu zituzten. 1993an Kontserbatorioa sortu zenetik eta zuhaitzen salmentarako eskaintza egiten hasi zirenetik, eskaera etengabe joan da gorantz.

Abadiako Eremuko Kontserbatorioko arduradun Ganix Ga- brieresek nabarmendu zuen zu- haitzak otsailaren bukaera arte eska daitezkeen arren, onena eskaera ahalik eta lasterren egitea dela. Bi arrazoi aipatu zituen horretarako; batetik, zuhaitzak ahalik eta goizen landatzea delako onena, eta bestalde, fruitu-arbola mota berezi bat nahi izatekotan, eskaera goiz egin ezean mota hori bukatzea posible delako.

Onarpen handiena duten zuhaitzen artean sagarrondoak eta gereziondoak daude. Sagarren artean anixa da arrakastatsuena. Anis zaporea duen sagar mota horrek azpimota ezberdinak ditu eta denen artean jendeak gehien eskatzen duena udare-sagarra da. Udazkeneko sagarra da anixa, baina udakoa den Andra Mari sagarrak ere oso harrera ona izaten du. Jende gehienen eskaerak biltzen dituzten gereziondoak Itsasuko gerezi beltza eta xapata dira.

Fruitu horiek eta beste guztiak zeintzuk diren eta nolakoak diren azaltzeko Abadiako Eremuak katalogo bat argitaratu du. Erakusketan sagar ezberdinen ondoan mota bakoitzaren izena agertzen da, baita zein herritatik ekarria izan den ere. Zenbait sagarren ondoan, gainera, duten zaporea, euren iraupena eta antzeko datuak ere atzeman daitezke.

Landare kontserbatorioa

Abadiako Eremua Akitaniako Landare Kontserbatorioen parte da eta Euskal Herriko fruituengatik nabarmentzen da. Saltzeko diren zuhaitzak Montesquieun dagoen Akitaniako Kontserbatorioaren baratzean landatzen dituzte. Landare Kontserbatorioaren helburua eskualdeko landare-ondarea zaindu, iraunarazi eta balioztatzea da.

Ondarea bizirik atxikitzeko lana egina izan bada ere, horrekin nahikoa ez dela nabarmendu zuen Kontserbatorioko arduradunak. Gizartearen beharra dagoela eman zuen aditzera, eta orain jendeak euren etxeetan Euskal Herriko fruitu motak landatu behar dituela erantsi zuen. Estandarizaziotik atera eta gure ondare naturala gordetzeaz gain, dauden mota ezberdin guztien artean gustu guztietarako fruituak badirela aipatu zuen Gabrieresek.

Gure kulturan sagarrak duen garrantzia nabarmendu zuen ondoren Ganix Garbrieresek. Hala, sagardoaren kultura izan zuen hizpide. Izan ere, duela urte batzuk Abadiako Eremuan sagardoa eta sagar zukua egiten hasi ziren, etxean sagarrondoak dituzten jendeari sagardoa egitearen aukera ere hor dela jakinarazteko. Hasieran sagarrak Urruñako Txopinondo sagardotegian sakatzen bazituzten ere, merkatuan merke eros daitezkeen dolareak ere badirela jakinarazi zuen Gabrieresek eta beraiek horrelako bat erosi dutela aipatu zuen.

Eskola eta ikastolentzako bisitak ere antolatzen dituzte gure herriko landare-ondarea ezagutarazteko eta gaztetxoak naturara hurbiltzeko . -



Zuhaitzak kimatzeko ikastaroak
Ipar Euskal Herriko Landare Kontserbatorioak fruituak ematen dituzten zuhaitzak kimatzeko ikastaroak ere eskaintzen ditu martxoan. Abadiako Eremua kostaldetik hurbilegi dagoenez, zuhaitzei nahi den forma ezin dela eman azaldu zuen bertako arduradun Ganix Gabrieresek, horregatik, ikastaroak Kontserbatorioak Azkainen duen eremuan eskaintzen dituzte. Ikastaro oso praktikoak direla adierazi zuen Gabrieresek, baita kimatzearen zientzian maila ezberdinak dituzten pertsona guztiei irekia dela ere.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Sanz cambia de estrategia y ofrece un pacto al PSN
Jendartea
La revisión de las normas subsidiarias de Bastida, a examen
Euskal Herria
EHNAren saltoki gidak, euskal naziotasuna egunerokoan kaleratzeko bide
Kirolak
El Athletic del «casi» y las mil caras
Kirolak
Soldado prorroga la etapa Ziganda
Mundua
La represión policial se cobra otras seis vidas en la revuelta de Oaxaca
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss