GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-12-03
Julen Murgoitio
Kateak

Kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean... zioen aspaldiko kanta hark. Eta hilberoaren gorputzean ere horrelaxe dela pentsatu daiteke. Kateak beti kate. Baina beti itsusiak ere? Zalantzan nago ni. Horra egunotan abiadura handikoa izan nahi duen tren mamutzar horren hondalan hasi berriak direla kausa protesta modura lagun batzuek, makinen aurrean tinko lotuta, erabili dituzten kate jatorrak. Kate ederrak, ganora ikurra, mamutzarrik gabe bizi nahi duten bizidunen gorputzean behinik behin. Bat ere ikustekorik ez uniformedunek besteon eskumuturretan janzten ohi dituzten kate itsusiekin. Ez, beti ez dira itsusiak, kate izaten segitu arren. Zenbat aldiz ez ote dugun ezkertiar sentitu eta izan gura dugunok kateak hautsi! han-hemenka oihukatu! Eta gaur, ostera, inoiz baino zentzuzkoagoak izan behar dugun honetan ez al genuen kateak bizi! oihukatu behar? han, hor eta hemen eta ozen oihukatu ere? Ez ote kateak bai politak direla bihotzaren gorputzean? kantatu behar kasu batzuetan? Ganibet berberak dabaki ogia eta eria dio esaera zaharrak. Modu berean ere meatze berak ematen du honetarako eta horretarako burdina; abiadura handikoa izan nahi duen trenerako burdina-bidea ezartzeko burdina eta abiadura handikoa izan nahi duen trenaren hondalanen aurka lotzeko esku-burdina. Burdingai beretik elkarren aurkako bi burdin erak. Baina kontuz ibili daitezela! mundua ez da amaigabea, burdina ere ez; ganoragabekeria bai, ordea. Berandutu baino lehen agor bidea hartuko du burdinak, eta ez dute izango eraiki nahi duten guztirako behar duten beste burdina. Birziklatzen hasi beharko dute orduan, burdinakinen erraustea guztiz alboratuta. Nondik hasiko baina? Euren zaindarien armak urtuko ote abiadura handikoa izan nahi duen trenaren metro batzuetarako burdina irabaztearren? zelan orduan defendatu hondalanak besteen esku-burdinetatik? Espetxeetako burdin sareak urtuko ote beste metro batzuk irabaztearren? non orduan bildu hondalanen aurrean kateatzen segituko dutenak? Indusmakinak akaso urtuko beste horrenbeste metro egitearren? zerk orduan harriak bortxatuko? Dilistei kendutako burdina urtuko ote burdin bidea apur bat gehiago luzatzeko? Ez, ez dute erraza izango burdinaren apeta burdinez asetzeko. Azkenean burdin bidearen beraren atzeko tarteetako burdina urtu nahi izango dute, burdin bidearen paraleloan den errepidetik garraiatu ondoren aurreko tarte berriak eraiki ahal izateko. Marx anaien nagusia gogoan, mendebaldeko pelikula ahaztu ezin hartan egur gehiago! oihupean bere anaiek trenaren bagoi guztiak, banan-banan, egurrik egur desegin zituztenekoa, eta zertarako? tren-makinaren labea gelditu ez zedin. Eta ez zen gelditu, gelditu zen arte. Burdina gehiago! da oraingo nagusien oihu berritua. Gizajoak! egurra, burdina ez bezala, berriztagarria da. Egia da, bai, burdina etengabe ari da harrien altzoan sortzen, poliki-poliki, baina euren irabaziak abiadura handian gauzatu nahi dituztenentzat lar astiro doa, berriztaezin bihurtuz. Zorionez! Gainera klimak berotze alderako jauzia egitean urtu egin behar du ganoragabekeriaz erabilitako burdina. Baina horren esperoan geratu gabe kateak bai politak direla... kantatu eta ro ta flex irabazi arte! oihukatu dezagun. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Ahotsak defiende el diálogo sin condiciones para avanzar
Iritzia
La igualdad, un pilar del proceso
Mundua
«Fidel, ochenta años y p’alante»
Kultura
Euskal Museoak bide berriari ekingo dio urtarriletik aitzin egoera zailetik ateratzeko
Kirolak
La final se aplaza al día 17 por un esguince de Barriola
Euskal Herria
Detienen a otros tres presuntos militantes de ETA en Labesserette
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss