GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-12-20
Erlea Velerdas - NUPeko ikaslea eta Ikasle Abertzaleetako kidea
Euskara versus administrazioak

Euskaldunoi ez zaizkigu hizkuntza eskubideak bermatzen. Egoera hau praktikan dauden legeek ahalbidetzen dute, EAEko Euskararen legeak eta Nafarroako Vascuencearen legeak hain zuzen ere. Ipar Euskal Herri- an ez dago hizkuntza politikarik; euskara ez da hizkuntza ofiziala bertan.

Vascuencearen legeak hogei urte bete ditu. Hogei urte egun Nafarroan dagoen zonakako zatiketa ekarri zuela. Berari eskertu behar diogu euskaldunok hiru kategoria desberdinetan banatzea bizi garen tokiaren arabera. Euskaldunon hizkuntza eskubideak legea sortu zen momentutik bertatik urratuak izan ziren eta hogei urte geroago ere horrela jarraitzen dute. Urte hauetan hamaika izan dira euskaldunok pairatu behar izan ditugun eskubide urraketak; ez zaigu euskarazko osasun asistentziarik bermatzen ezta administrazioan euskaraz hitz egitea ere. Eta zer gertatzen da hezkuntzarekin? Euskal ikasleon kolektiboak hezkuntza ziklo osoan zehar euskaraz ikasi eta bizitzeko ezintasuna pairatzen du. Azpimarratzekoa da euskaraz ikasi ahal izateko zona ez-vascofonoan euskal ikasleok bizi ditugun oztopoak. Hala ere, urraketa hauek ez dira soilik Nafarroa Garaian gertatzen, Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetan gertatzen dira.

Euskal Herriko ikasleok hezkuntza prozesua hasten dugun momentutik urratua dugu hizkuntza eskubidea. Hezkuntza zikloa hasten dugunetik diot, momentu horretan hasten direlako behin eta berriro errepikatzen diren urraketak. Hasiera horretan dugu haurtzaindegien kasua. Administra- zioak ez du hezkuntza bezala onartzen 0-3 urteko haurren heziketa eta hori dela eta ez ditu neurriak hartzen egun dagoen eskaerari erantzuteko. Ondorioz, enpresa pribatuen esku gelditzen da haurtzaindegien kudeaketa eta hauei ez zaie exijitzen hizkuntza eskubidea bermatua izan dadin neurririk hartzea. Nafarroako administrazioaren kasuan, Iruñeko Rotxapea auzokoa kasua dugu. Auzo honetako haurtzaindegi berrian, «Hello Rotxapea»-n, ingelesari garrantzi handiagoa ematen zaio euskarari baino; hobeki esanda, euskarak ez du tokirik bertan.

Ingelesa euskararen gainetik jartzeko saiakerak hezkuntzako beste ziklo batzuetan ere bizi dira. Gogoratu Luis Campoy-ren nafar hezkuntza sailak (minuskulaz, bai), bi hezkuntza eredu sortzeko ahalegina egin zuenekoa: I eta J ereduak, non euskararen presentzia irakasgai batera mugatu edo presentziarik gabe gelditzen zen. Eragile eta sindikatuek egindako lanari esker proposamena bazter- tzea lortu zen. Baina ez pentsa egun ditugun ereduak hobeak direnik. Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketaren ondorioz, argi eta garbi gelditu zen D ereduak ez duela euskalduntzen eta are gutxiago A eta B ereduek, zeinetan praktikan euskara irakasgai bat baino ez den.

Ereduetatik haratago, eta kasu idealenean jarrita, hau publikoa zein pribatua izan, bertako ikasleek euskaraz ikasi eta bizitzeko beharrezko baldintzak eta bitartekoak eskaini beharko lituzke. Errealitatea baina ez da horrela: Milaka dira urtez urte gaztelerazko apunteetatik ikastera behartuak dauden ikasleak, administrazioek, ikastetxeek eta irakasleek egoera hau ekiditeko neurriak hartu gabe dirauten bitartean.

Milaka dira irakasle baten ordezko bezala zaintzarako irakasle bat hizkuntza kontuan hartu gabe jartzerakoan, irakasle erdaldun bat izatera behartuak dauden ikasleak. Oso gutxitan bermatzen da zaintzako irakaslea euskalduna izatea.

Milaka ikasle dira euskara maila traketsa duten irakasle eta langileen eskuetan daudenak eta, alde batetik, hizkuntzaren menperatze faltak bultzatuta azalpenak behin eta berriro gazteleraz ematen dituzten irakasleak daude; eta beste alde, euskaraz mintzatu bai, baina akatsez beteriko euskara dutenak. Kaltetuak: Ikasleak. Ondorioak, aldiz, edukiak gazteleraz jasotzea, hizkuntza aberats baterako aukerak moztea, euskara ezegoki baterako oinarriak finkatzea ikasleengan...

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan, arestian aipatu bezala, euskara ez da hizkuntza ofiziala. Hau dela eta, ikasle batek derrigorrezko hezkuntza osoa euskaraz izateko aukera bakarra du, Baionan dagoen ikastetxe bakarrera joatea. Gilles de Robien hezkuntza ministro frantsesak ondo betetzen du euskal ikasleak frantses bihurtzeko lana eta oztopoak besterik ez dizkio eskaintzen euskal irakasakuntzari.

Gezurra dirudien arren, hezkuntza ertainak dira hizkuntza eskubideen aldetik «hobekien» daudenak. Hezkuntza zikloak aurrera jarraitzen du eta honekin batera hizkuntza eskubideen urraketak ere. Lanbide Heziketei dagokienez, egoera beltza da. Ikasketa hauetan dagoen euskarazko eskaintza oso murritza da eta ez da eskariari erantzuteko gai. Heziketa hau lan-munduari begira dago eginda, eta nire zalantza ondorengoa da: zer- nolako langileak ari gara hezten? Edukietan trebeak izango dira, baina lanbidea erdalduna izatea eragingo dute. Honelako gizarte bat sortu nahi dugu?

Hezkuntza unibertsitarioan panorama ez da askoz hobea. UPV-EHU aztertzen hasiz gero harrituta geldituko gara ikasketa bat ere osoki euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela jakitean. Ikasketa guztietan irakasgairen bat gazteleraz ikastera behartuak gaude bertako ikasleak. Zer esanik ez ikasketa hauei loturik doazen ikerkuntzekin... Baiona eta Angeluko kasuetan, egoera paradigmatikoa da, Euskal Filologiako ikasketak ere ezin dira euskaraz gauzatu!

Nafarroako kasuan, ezaguna da ikasleek UPNA-NUP sortu zenetik urtez urte eraman izan duten borro- ka unibertsitate hau euskalduntzearen alde. NUPen ikasleen hizkuntza eskubideak portzentajeetan neurtzen dira eta eskaeraren arabera erabakitzen da irakasgai bat euskaraz emango den edo ez. Baina ez gaitzatela engaina, ikasgela batean %100ak euskaldunak izan arren, hauek ezin izango dutela euskaraz %100ean ikasi. Pedro Burillo errektoreak eta bere errektoretza taldeak ez dute unibertsitate elebidun bat sortzeko asmorik. Ikasturte honetan berretsi duten bezala, beraien nahia 3-2-1 motako «euskalduntze plan» bat egitea da; momentuan egon daitezkeen aldarriak isilarazteko asmoarekin eta ikasleok behin eta berriro aldarrikatu izan dugun «NUPen %100 euskaraz!!»-etik oso urruti dagoen euskalduntze plan bat. Plan honen arabera, ikasturtero euskarazko irakasgai batzuk gehitzen joango ziren 3 urteko ikasketa batean, lehenengo mailan euskarazko 3 irakasgai, bigarren mailan 2 irakasgai eta hirugarren mailan irakasgai 1 izan arte. Plan hau enborrezko irakasgaiei soilik aplikatzen zaie eta ez da aurreikusten hautaketa libreko irakasgaiak eta derrigorrezkoak euskalduntzea. Zer uste dute Burillok eta bere errektoretza taldeak, ikasleok eskuak gurutzatuta geldituko garela ezer egin gabe? Zer uste dute, gure eskubideak zapaltzen jarraitzen utziko diegula? Zer uste dute, gozoki bat eman eta konformatuko garela? Ba erratuta daude, ikasleok ez gara isilduko, gure eskubideak errespetatzeko aldarrikatzen jarraituko dugulako. Ikasleok ez gara konformatuko gozoki batekin, pastel osoa izan arte borrokan jarraituko dugu! Gure eskubidea ez da portzentajeetan neurtzen, gure ikasketak %100ean euskaraz jasotzeko eskubidea dugulako eta ez soilik irakasgai solte batzuk.

Honengatik guztiarengatik, euskal ikasleok Euskal Herriak zatiketa administratiboa gaindituko duen hizkuntza politika berri bat behar duela esaten dugu, exijitu egiten dugu! Gilles de Robien, Tontxu Campos eta Luis Campoyk jakin behar dute ez gaudela beste iruzurrik onartzeko prest! Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugula! Euskal Herri osoan eta orain! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
UAGA denuncia el «menosprecio» de la Diputación
Euskal Herria
Del Burgo, paladin de Nafarroa
Mundua
Haniyeh denuncia las maniobras de EEUU contra el Gobierno unitario
Kultura
Un pórtico rojo para el Puente de la Salve
Kirolak
Un buen punto para cerrar un mal año
Euskal Herria
La Justicia española quiere acallar también el apoyo social al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss