GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Haizpea Abrisketa eta Xabi Larralde Ezker abertzaleko kideak

Irlandarrek Itunari ez, euskaldunok ere ez!

Naturaren, herritarren eta herrien aurka eraikitzen ari diren Europa honi guk ere ezetz esaten diogu, herrien aurkakoa delako, eta estatu ez diren nazioak, baita estatu diren nazio txikiak ere, hiltzera kondenatzen dituelako

Gaur Lisboako Itunari buruz erabakitzeko aukera izango dute irlandarrek. Europa osoan soilik eurek izango dute pribilegio hori. Beste ehunka milioi herritarrek ezingo dugu «Europa Batu Demokratiko» honetan gure iritzirik eman hain garrantzitsuak diren aferak jasotzen dituen Lisboako hitzarmen horri buruz. Ziurrenik, beren erabakiak herritarrengandik urrun utzi nahi dituzte europar agintari eta estatuburuek, jakin baitakite gehiengoak ez duela bat egiten beraien neurriekin, eta Europako konstituzioarekin porrota jada jasan zutelako Frantzia eta Holandako erreferendumetan. Oraingoan itun moduan, ia Europa osoan herritarrei galdetu beharrik gabe, eduki berberak ezartzera datoz.

Irlandarrek itunari ezezkoa emateko azaltzen dituzten arrazoiak ez dira guk euskaldunok adieraz genitzakeenen oso desberdinak. Irlandaren burujabetzari eragiten dio: Irlandak jada ez du izango komisariorik Europar Batasunean, eta bere boto ahalmena erdira murriztuko da, berari eragiten dioten gaien gaineko kontrola galduko du, beste 105 eskuduntza pasako dira Europar Batasunaren eskuetara, eta 60 kasutan estatuek galdu egingo dute nazio interesen aurka doazen legeak gelditzeko gaitasuna. Gainera, Itunaren ondorioz, Europar Batasunak nazioartean botere gehiago hartu, eta kontrolik gabe estatu modura jardun ahal izango du estatuen burujabetza murriztuz. Kanpo Aferetarako Ministerioa sortzen da, baita defentsa eta nazioarteko politika bateratu bat ere. Maila horretan Irlandaren neutraltasun historikoari eragiten dio. Langileriaren eskubideen murrizketa nabaria dakar. Itun berri horrek zerbitzu publikoen pribatizazio orokorra ere ekar lezake, zerbitzu guztiak lehiaren arauen menpe geldituko baitira. Lisboako hitzarmenak berarekin dakar Euratom hitzarmena, horrela energia nuklearraren erabilera babestuz. Horregatik guztiagatik, Irlandan ezezkoaren aldeko ahotsa gero eta nabarmenagoa da.

Estatu baten jabe den herri izanik -dituen muga guztiekin, partizioa barne-, bere burujabetza eta gaitasuna arriskuan ikusten badu horrelako itun baten aurrean, zer arrisku ez du izango gurea bezalako herri batek?

Naturaren, herritarren eta herrien aurka eraikitzen ari diren Europa honi guk ere ezetz esaten diogu, herrien aurkakoa delako, eta estatu ez diren nazioak, baita estatu diren nazio txikiak ere, hiltzera kondenatzen dituelako. Ez duelako Europako aniztasun linguistiko eta kulturala ez kontuan hartzen, ez babesten. Hainbat eta hainbat garaipen sozial murriztu, eta desagertzeko bidean jarriko dituelako. Ikuspegi neoliberalean oinarriturik, funtsezko zerbitzu sozialen pribatizazioa bultzatzen duelako, hala nola hezkuntza, osasuna, giza laguntza, energia edo ura. Herritarren parte hartzea murrizten duelako. Ingurumena eta kontsumitzaileen eskubideak lehia librearen menpe ezartzen dituelako. Europa estatu-gotorleku bihurturik etorkinak delitugile definitzen dituen politika ezartzen duelako. Europa nazioarteko eragile bihurturik bere estrategia armamentista eta interbentzionista areagotzea ekartzen duelako.

Euskal herritarren onura erreala ekarriko duen Euskal Herri aske eta justua eraiki nahi dugunok ezin dugu gure etorkizuna errotik hipotekatzen duen horrelako Europarik onartu. Gero eta gehiago dira, eta izango dira, Europan euskal herritarren interesen aurka hartzen dituzten erabakiak. Horregatik, gure etorkizuneko independentzia edukiz betea izango bada, ezartzen ari den Europa eredu honi ere aurre egin beharko diogu. Bide horretan irlandarrek zein Europako beste estatu txikiek (Portugal, Danimarka, Eslovenia...) erakusten digute, nahikoa ez bada ere, beren interesak defendatuko dituen estatua izatearen garrantzia, eskoziar lagunek aski ongi ikasi dutena, eta euskaldunok ere argi eta garbi eduki behar duguna.

Hori dela eta, gaur, ekainak 12, irlandarrek Itunari ez. Euskaldunok ere ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo