GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iñaki Uriak salatutako torturen auzia bukatutzat eman du Madrilgo epaileak

GARA |

Iñaki Uria «Egunkaria»ko kontseilari-ordezkariaren tortura auzia Madrilgo epaileak bukatutzat eman duela argitaratu zuen atzo «Berria» egunkariak. Uriak 2003ko martxoaren 27an Donostiako Instrukzioko Epaitegian aurkeztu zuen tortura salaketa eta, handik lau urtera, 2007ko otsailean, lau guardia zibil inputatu, eta ahozko epaiketa egitea erabaki zuen Nekane Rodriguez Donostiako 1. Instrukzioko Epaitegiko epaileak.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, ordea, guardia zibilen eta fiskalaren helegiteak aintzat hartu, eta auzia Madrilgo Auzitegiari zegokiola erabaki zuen joan den apirilean. Maiatzaren 19an bere gain hartu zuen auzia Madrilgo 17. Instrukzioko Epaitegiko Carlos Vaquero epaileak eta, handik bi astera, ekainaren 4an, hain zuzen ere, auzia baztertzea erabaki zuen.

Sinesgarritasuna zalantzan

Erabakia arrazoitzeko emandako autoan, tortura testigantzaren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko modukoa dela dio Vaquero epaileak. Hau da, haren hitzetan, «ETA talde terroristarekin harremana izateagatik atxilotutako pertsonek aurkeztu ohi dituzten salaketekin parekotasun esanguratsua» duela Uriak aurkeztutakoak.

Era berean, salaketa «hilabete baino gehiagoko atzerapenarekin» aurkeztu zuela argudiatzen du, eta ez duela hautematen arrazoirik hori justifikatzeko.

Uria 2003ko otsailaren 20an atxilotu, eta lau egun geroago atera zuten inkomunikazio egoeratik. Soto del Realen kartzelatu zuten, eta, egun batzuetara, Aranjuezeko espetxera eraman zuten. Bertan idatzi zuen salaketa, eta abokatuei bidali zien. Beraiek aurkeztu zuten martxoaren 27an Donostiako Epaitegian.

Uria kartzelatua izan zenez, atxilotu zutenekiko «etsaitasun nabarmena» izango duela kontuan hartzekoa dela dio, gainera, autoak, eta auzi medikuaren txostenek eta deklarazioak ez dutela adierazten guardia zibilek deliturik egin zutenik.

Errekurtsoa aurkeztuko du

Hala ere, Uriak helegitea aurkeztuko omen du epaileak hartutako erabakiaren aurka. Erreformako errekurtsoa aurkez deza- ke aurrena, epaile beraren aurrean, eta, bestela, zuzenean dei helegitea jarri Madrilgo Lurralde Auzitegian.

Iñaki Uriarekin gertatutakoa, «Egunkaria»ren kontrako auzian auzipetutako beste lau lagunek egindako tortura salaketekin gertatutako bera da. Izan ere, une honetan, auzi horiek guztiak artxibatu egin dituzte. Xabier Alegriaren eta Txema Auzmendiren auziak behin betiko bukatutzat eman zituzten. Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, aldiz, auziak bukatutzat emateagatik aurkeztutako helegiteei buruzko erabakien zain daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo