GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xabier Alegria Loinaz Lezoko Udaleko hautetsi ohia eta euskal preso politikoa

Zuberoatik euskal populuari deiadarra

Hautsitako lorontziarekin erakutsi zuen Telesforo Monzonek bere buruaren jabe ez deino Euskal Herria zertan den. Hamaika zati elkar osatu ezinean, elkarri bizkarra emanda, elkarri mokoka. Ez gara euskal herritarrak lorontzia apurtu dugunak. Geureari ederki eusten diogula demostratua diogu nazioarteari. Baina Euskal Herria behar lukeen lekuan Frantzia edo Espainia ikusarazteko ahalegina izugarria da. Euskal Herria «desprogramatzeko» lanean gogotik ari dira, eta gure etxean bertan ez dute laguntzaile gosetirik falta.

Zuberoa da, ziurrenik, lurralderik zigortuenetako bat. Muga-mugako lurraldea, eskumenez eta zerbitzuz hustua, Biarnoren baitan asimilatzera bultzatua. Zuberoaren euskaltasunari eusteko ahaleginak garrantzia estrategikoa du. Xiberotarrak bereari eutsiz bizitzen laguntzea saihestu ezin dugun eginkizuna da. Hala ulertu zuen Udalbiltzak eta Euskal Herri osoko indarrak eta baliabideak «auzolanean» jarri zituen. Horregatik nazio erakundea jo eta txikitzen ahalegindu ziren. Baina Udalbiltzak erakutsitako bidea hor dago. Elkartasunetik haratago nazio auzolana gauzatu beharra dago gure herriaren garapena eta barne-kohesioa iruten joateko.

Esan beharrekoak esanda daude, hemen da uda, auzolanerako sasoia eta Atharratzeko ikastolak egin du deiadarra. Zuberoak bizi nahi du, euskaldun eta ikastoladun, ekialdeko neba-arrebek luzatu dute eskua, mendebaldekooi dagokigu erantzutea. Erantzun nahi duenak ekainaren 21ean Oiartzunen badu hitzordu bat Atharratzeko ikastola bizi dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo