GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko 2.715 adingabek eta 1.735 familiak pobreziaren kontrako laguntza jaso dute

Caixa Proinfanciak bultzatutako programaren barnean Bilboko 2.715 adingabek eta 1.735 familiak txirotasunari aurre egiteko laguntza jaso dute. Pobrezia zabaltzen ari dela eta gero eta larriagoa dela esan zuten.

GARA | BILBO

Orotara, Bilboko 2.715 adingabek eta 1.735 familiak jaso dituzte CaixaProinfancia izeneko programaren diru laguntzak. Horretarako, 2,8 milioi euro erabili ditu Bartzelonako aurrezki-kutxak, arlo sozialean gastatu behar duen kopurutik zati bat.

Bilbon eman dituzten laguntzen helburua lanik eta etxebizitzarik ez dutenen bazterkeria egoera nolabait arintzea da. Alde horretatik, etxebizitzetako jende pilatzeak, oinarrizko higiene-baldintzak ez izatea eta etxea ordaintzeko diru nahikorik ez izatea dira bazterkeria egoeran daudenen arazo nagusiak.

La Caixa fundazioko Gizarteratze Arloko zuzendari Marc Simonek, La Caixak EAEn duen ordezkari nagusi Jose Manuel Bilbaok, Fundacion Foessa taldeko ikerketa soziologikoen arduradun Raul Floresek eta Bilboko Caritaseko kontseilari Mikel Ruizek prentsaurrekoa eman zuten atzo, programa honen emaitzak plazaratzeko. Azaldu zutenez, programa honek badu beste helburu nagusi bat, hain zuzen, txirotasunean eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden adingabekoei laguntzea. Horrela, txirotasuna belaunaldi batetik hurrengora ez pasatzea, «herentzia» hori etetea, lortu nahi dute.

Burutu duten ikerketaren arabera, Bilbon laguntzak jaso dituzten familien erdia guraso bakarrekoak dira. Normalean seme-alabak dituen emakume bakar batek egoera zail bati aurre egin behar izaten dio. Horrez gain, familien %30,2 familia ugariak dira.

Halaber, CaixaProinfancia taldearen laguntza jasotzen duten Bilboko familien %66,7k kide guztiak langabezian zituztela adierazi zuten inkesta egin zietenean.

«Laguntza hauek familia hauen mesederako izan dira, euren kideen bizi baldintzak hobetzeko eta gizartean eta lan munduan txertatzeko prozesuak bultzatzeko helburuarekin», azaldu zuen Bilbaok.

«Txirotasuna belaunaldi batetik bestera pasatzea geldiarazi dugu, hau da, guraso txiroetatik seme-alaba txiroak ez sortzea nahi genuen; horretarako, belaunaldi berriek euren ingurukoek dituzten aukera berberak izatea bermatu nahi izan dugu», gaineratu zuen Bilbaok.

Helburu horiek lortzeko bost lan ildo jorratu dituzte: hezkuntza arloan laguntza eskaintzea; hezkuntza ez arautua eta aisialdia; arreta eta terapia psikosoziala; osasuna indartzea; eta familia barneko hezkuntza bultzatzea. Azken ildo honi urte hasieran ekin zioten Caixa Proinfanciako arduradunek.

Bilboko Caritaseko zuzendaria bat etorri zen gisa honetako proiektuak bultzatzearen beharrarekin eta, nabarmendu zuenez, «txirotasuna hazten ari da gure artean, bai gero eta jende gehiago dagoelako egoera horretan, bai pobrezia egoera gero eta larriagoak bizi dituztelako».

Nafarroako Elikagaien Bankua

Bestalde, Nafarroako Elikagaien Bankuak jakitera eman zuenez, 16.434 kilo jaki jaso ditu Carrefour enpresatik.

Transnazionalak hiritarrek zuzenean eman zituzten 8.217 kiloak bikoiztu ditu, eta Estatu osoan 596.842 kilo eman ditu.

Iruñean, Tuteran eta Vianan dituen hipermerkatuetan jakiak biltzeko mahaiak paratu zituen Carrefour-ek, Nafarroako Elikagaien Bankuko boluntarioek jakiak jaso eta horiek txirotasun egoera bizi dutenen artean banatzeko.

hamaika talde

Bilboko Caixa Proinfancia programan hamaika taldek hartzen dute parte. Horiek guztiak Gazteleku garapen sozialerako elkarteak eta Bilboko Elizbarrutiko Caritas taldeak koordinatzen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo