GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Zuritik beltzera

Hasi naiz egokia den opari baten bila, baina zer oparitu plastikozko ur botila bati tapa jarri nahian tematuta denbora ematen duenari edo inguruan dauden trafiko seinale guztiek liluratu eta haiek ukitzearekin konformatzen den urtebeteko haurrari? Txikiek jolasteko eta entretenitzeko edozerk balio duela erakusten digute behin eta berriz helduei, eta, hala ere, jolasteko egina eta pentsatua dagoen zerbait erosten tematzen gara gu; orduan eta koloretsuago, handiago eta zaratatsuagoa hobe, haurraren gurasoak madarikazioka jartzeko moduko tramankulua bada ere.

Hain da eskaintza zabala, dendara joan aurretik sarean saiatu naizela filtro lanak egiten. Lehen galdera, sexua: mutila ala neska; eta hortik abiatuta gainerako guztiak. Berdin dio musika gustuko duen edo ez, berdin, halaber, eserita jolasean lasai egoten den edo entretenitzeko mugimendua behar duen. Axola duena zera da: urdina ala arrosa. Eta kolore guztien artean gogokoena gorria badu?

Lan hauetan aritu ez zaretenak harrituko zinateke zenbat aldatzen diren gauzak arrosa edota urdin aukeratu, zuritik beltzera. Oraindik orain, printzesen mundura garamatza bata aukeratzeak, gerlari eta akziodun marrazki bizidunetara besteak; bai, bai, gu txikiak ginenean bezalaxe. Berak oraindik ez mundu bat ez bestea ez ditu ezagutzen, baina, ikusitakoak ikusita, nago guri bezalatsu ezagutu beste erremediorik ez zaiola geratuko koitaduari.

Dagoeneko akaso usaintzen hasia da denbora asko pasa aurretik mundua bitan bereizita ikusaraziko diogula, baina oraindik orain igerilekuko aldageletan baino ez du sumatu seguru asko bereizketa nabarmenena; batzuetan amarekin sartzen baita eskuineko atean; eta beste batzuetan aitarekin, baina ezkerrekoan orduan. Nork daki, konturatu da agian, aldamenean dituen neskatilak berak baino jantzi koloretsuagoak daramatzatela soinean eta helduek haiei baino gehiagotan galdetzen diotela berari, ematen dituen ostikoak ikusita, ia handitan futbolaria izango ote den. Akaso, hasi da zerbait sumatzen, bera behatzailea baita oso; baina oraindik orain zarata ateratzen duen edozein tramankulurekin konformatzen da txikia, izan arrosa edo izan urdin; eta gorria bada askoz hobe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo