GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

XXI. mendeko euskal sozialismoa buruan

Onena ez da inoiz ere okertzen ez dena, halakorik, zorionez, ez baitago; okertzen, erortzen eta berriz asmatzen eta altxatzen dakiena baizik

Txomin Ziluagaren heriotzaren berri izan dut, etxetik oso urrun, hauteskundeetako oihartzunaren zaratan zuloa ireki duelarik. Txominen oroitzapenak ez nau, berriz, saltsa horretatik atera. Izan ere, bera bezalako pertsonek erakutsi digute mundua aldatzeko grina gauzarik ederrenetakoa dela, eta beraz, oroitzeko erarik onena grina horri eustea dela.

Txomin ezagutu nuen, bat egin, elkarrengandik distantziatu eta berriz ere topo egitea egokitu zitzaigulako urteetako borrokaren nondik norakoek bultzatuta. Txominen ibilbidea aberatsa izan zen , luze eta emankorra. Denon bizitzan bezala, iluntasun eta argiak agertzen dira, jakina, pertsonek asmatu egiten dugulako, baita oker egin ere. Asmatzen duten eta okertzen diren pertsonen munduan bizi nahi dut nik, edonola ere. Asmatzen duten eta okertzen diren ezkertiar horietako bat izan nahi nuke, egia absolutuak eta okerrik gabeko ibilbideen fikzioak behin betikoz alde batera utzirik. Asmatzen duten eta okertzen diren, garen, pertsonok izanen direlako, garelako, aldaketaren protagonistak. Eta bide horretan, onena ez da inoiz ere okertzen ez dena, halakorik, zorionez, ez baitago; okertzen, erortzen eta berriz asmatzen eta altxatzen dakiena baizik. Hau ahantzita ez dago ezker eraldatzailerik eraikitzeko aukerarik.

Halako hausnarketak eraginda, begirada eman diet, berriz, igandeko datuei, eta ene balorazio baikorra areagotuta sentitu dut. Izan ere, batzuetan komeni da atzera begiratzea eta nondik gatozen oroitzea. Onuragarria da, esaterako, gogoratzea duela lau urte Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan ez zela ezker abertzalearen egitasmoaren alde boto legalik emateko aukerarik. Horri esker lortu zuen lehendakaritza Patxi Lopezek, eta PPren babesaz egindako operazioaren xedea ez zen españolismoa gainbehera eramatea, kontrakoa baizik. Hau baztertuta nekez ulertuko dugu bizi garen une politikoa.

Egindako bidaiaren berbegirada egungo egoera ulertzeko lagungarria delakoan nago. Berriz, iruditzen zait ikuspegi zabalagoa baztertuta erraza dela triunfalismoan edo lekuz kanpoko autokritizismoan erortzea. Mundua ez zen atzo hasi, ezta gure mundua ere. Bizkorrago joan nahiko genuke, jakina, baina jauzi egin ahal izateko, oinak ongi jarri behar dira lurraren gainean. Are gehiago jauzi handia eman nahi baldin badugu. Ez dezagun azterketa politikoa «twitizatu». Ongi dago ideiak, batzuetan, era labur eta sinplean azaltzea. Beste batzuetan, berriz, ergelkeria da, modismoen gainetik, errealitateari zuzen heltzeko beharra.

Beharrezkoa den so egite sakon eta zorrotza ez da berotasunean lortzen. Beti ibili behar da erne, beti aztertu behar da gertatzen dena, lortzen duguna eta galtzen duguna. Beti izan behar dugu autokritikaren tresna eskuetan. Baina gure eginbeharra ez da etengabeko azterketan itotzea, mundua aldatzea baizik.

Garai batean teoriari garrantzi handia eman zitzaion gurean. Gero, berriz, beste muturrera pasa ginen. Idigorasek esaten zuenez, ezker abertzaleak beti izan du kakalarritik «estreñimentura» pasatzeko joera. Garaia da geure oreka aurki dezagun. Txomin gogoan izanda, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo