GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hasteko, sinatu dituzten itunak bete ditzatela

Hego Euskal Herriko administrazioek -Madrilgo, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek- euskararekin duten jarrera zekena salatzea ez da lau eroren, erradikalen edo euskara «politizatu» nahi dutenen kontua bakarrik, Europako Kontseilua horietakoa ez bada, behinik behin. Euskararen trataera hori salatzen dutenak setati agertu izan dira hizkuntza eskubideen errespetua eskatzen; hala ere, Europako adituen txostena ere ez da egin duten lehena, 2001etik ematen baititu gomendio horiek, Gobernu espainolak Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi zuen urtetik, hain zuzen. Zenbait buruzagi politikarik osasungintza euskalduntzearen gainean dikotomia zentzugabe bat mahairatu zuten: sendagile ona/ sendagile euskalduna, eta ez dirudi Europako Kontseilua dikotomia horrekin bat datorrenik. Aitzitik, lehen aldiz osasun arloan ere hutsuneak seinalatu eta horiek desagerrarazteko gomendioak egin ditu. Txostenak agerian utzi du Kontseiluak eta Behatokiak atzo nabarmendu zuten paradoxa, lehendik ere argia zena, hau da, hizkuntza eskubideak gehien urratzen dituena Estatu espainola dela, eskubide horiek bermatu beharko lituzkeena, hain zuzen. Eta Kontseilua, Behatokia eta edozein euskaldunek setati jarraitu beharko dute, eta jarraituko dute, administrazioei Europako Kontseiluaren gomendioak bete eta batez ere euskal herritarren eskubideak bermatu ditzatela eskatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo