GARA > Idatzia > Mundua

Myanmarren ez dute etenik rohingya musulmanen aurkako erasoek

Rohingya etniako musulmanen eta gehiengo budistaren arteko azken istiluek 64 hildako eta 70 zauritu utzi dituzte bost egunotan Myanmarko Rakhine Estatuan (mendebaldean). Pasa den ekainean areagotu zen gatazkak Thein Seinen erreforma prozesuan arazoak ekar ditzake.

GARA | SITWWE

Gutxienez 64 lagun hil dira eta beste 72 zauritu Myanmarko gehiengo budistaren eta rohingya etniako gutxiengo musulmanaren arteko liskarretan Rakhine estatuan azken bost egunetan, Xinhua agentzia txinatarrak atzo informatu zuenez.

U Win Myaing Rakhineko bozeramaileak atzo eguerdian egoera lasaitzen hasia zela adierazi zuen. Guztira, gatazkak iraun bitartean, 2.300 etxe erre dituzte Myaebon, Mrauk U, Kyauk Phyu, Minbya, Yathedaung eta Kyauktaw herrietan. Minbya eta Mrauk U herrietan pasa den astelehenean ezarritako etxeratze aginduak indarrean jarraitzen du.

Nazioarteak kezkaz hartu ditu berpiztutako istiluak, Thein Sein presidentearen Gobernuak abiatutako erreforma prozesua arriskuan ikusten baitute.

Prozesuaren barnean gutxiengo etnikoekin bake elkarrizketak sustatzea dago, baina rohingya etniakoak ez daude gutxiengo gisa onartuak.

Presidenteak aldiz, Rakhineko gatazka manipulatu nahi dela salatu zuen eta horren arduradun diren pertsonen aurka ekingo duela ohartarazi zuen.

Horrez gain, Rakhine estatuko borrokek «herrialdearen interesetan eta osotasunean inpaktu handia» dute, eta «zuzenbide estatuaren baitan neurri eraginkorrak» hartuko dituztela ziurtatu zuen.

Rakhine estatuan maiatza eta ekaina bitartean ere istiluak izan ziren musulman eta budisten artean, hiru gizon musulman emakume budista bat bortxatu izanaren akusaziopean atxilotu ostean. Aldi hartan 50 hildako eta 54 zauritu izan ziren eta Gobernuak etxeratze aginduak ezarri zituen sei herritan eta ondoren larrialdi egoera Rakhine osoan. Horren ostean 75.000 rohingya inguruk lurraldea utzi, eta Sittewko akanpalekuetan errefuxiatu ziren.

Rohingya

Myanmarren 800.000 rohingya inguru bizi dira, ez dituzte gutxiengo ofizial gisa onartzen eta NBEren arabera munduko jazarrienak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo